2021, Iraila 9

Araba Ekinean Ekin Day ekitaldia urriaren 5ean izango da, ekintzailetzak lurraldeen faktore eraldatzaile gisa duen zeregina protagonistatzat hartuta.

Urriaren 5ean izango da hitzordua eta Europa Biltzar Jauregian egingo da. Arabako ekintzailetzaren erdigunea izango da aurten ere Ekin Day ekitaldia. Helburu nagusia: lurraldeak –kasu honetan Arabak– eraldatzeko daukan gaitasuna ikustea, horrela etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak –SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bidez– eta Fundación Vital Fundazioak antolatutako ekimenak lehen aldiz hartuko du bere azken ponentzian lurraldeko 3 pertsona ekintzaile nabarmenen eta Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutuko zuzendari Maria Jose Arangurenen arteko elkarrizketa bat. BTI enpresako fundatzaile Eduardo Anitua, zeina bere alorrean mundu osoan ospe handieneko doktoreetako bat den, Globetesting enpresako fundatzaile Eneritz Zubizarreta, eta Miguel Gutierrez Garitano esploratzaile eta idazlea ditugu hiru pertsona horiek. Delia Tobías kazetari arabarra arituko da moderatzaile-lanetan, eta laurak pertsona ekintzaileek etorkizuneko sortzaile gisa duten zeregina erakusten saiatuko dira, ekimenaren 2021eko edizioaren leloari jarraikiz.

Beste bi ponentzia ere izango ditu jardunaldiak, eta mundua enpresa-ekimen berrien bidez nola alda daitekeen azaltzen saiatuko dira. Zapatilak 100 % birziklatutako materialetatik abiatuta sortzen dituen konpainia baten sortzaile den Aitor Alvarezek, eta eraikin efiziente eta inteligenteen eraikuntzan aditua den Adelina Uriarte arabarrak parte hartuko dute.

“Jasangarritasuna eta digitalizazioa” izenburupean bi ideia horietan oinarritutako beren proiektuak azalduko dituzte Arabako lau enpresak: Yada, RE-Utiliza, DataValue Managment eta Eraman.

Esteka honetan programa osoa kontsultatu eta zuen inskripzioa egin dezakezue.

 

B2B eta ideia finalisten aurkezpena

Irailaren 29an izango da IV. B2B Topaketa, eta bertan Arabako enpresa ekintzaileak bilduko dira proiektu berrien erakunde finantzario, aholkulari eta bultzatzaileekin. Banako bilerak izango dira pertsona ekintzaileak ekintzailetzaren alorrean gehien nabarmentzen diren erakundeetako batzuekin lotzen saiatzeko. Irailaren 20an amaituko da izena emateko aukera eta lotura honetan egin daiteke.

Egun horretan bertan, 19:00etan, egingo da “Zure ideiak balio du” Lehiaketako 2021 edizioaren ideia finalistak aurkezteko ekitaldia. 20 finalistek 5 minutu bana izango dituzte beren ideia publikoari eta epaimahaiari azaltzeko, eta egun horretan bertan Publikoaren Sari Bereziaren irabazlea aukeratuko dute bertaratutakoek zuzenean egingo den bozketa baten bidez. Jon Beltran de Heredia Arabako ekintzaileak ere esku hartuko du ekitaldian; merkatuko ikus-entzunezko joko ospetsuenetako batzuen sortzailea eta F2P Campus proiektuaren zuzendaria da, eta umore-klabean kontatuko dizkigu proiektu bat aurrera ateratzeko izaten diren gorabeherak. Bertaratu ahal izateko, esteka honetan egin behar duzu inskripzioa.

Araba Ekinean 2021 ekimeneko programazio osoa

PARTEKATU