2016, Apirila 11

SPRIk Industria Digitala, Basque Industry 4.0 eta Innobideak Estrategiaren deialdiak ireki ditu

Alde batetik, SPRIk ireki du Industria Digitala eta Basque Industry 4.0 programen deialdia, programa horien bidez teknologiak txertatzeko manufaktura-enpresetan. Industria Digitalak teknologia digitalen aplikazioa sustatzen du ETE eta mikroETEen produkzioa automatizatzeko. Basque Industry 4.0 programak 300.000 eurorainoko diru-laguntzak ematen ditu transferentzia teknologikoko proiektuetarako.Deialdia apirilaren 8an zabaldu da

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRIren bidez, bost milioi eurorekin hornitu ditu Industria Digitala eta Basque Industry 4.0 programak. Programa horien helburua da euskal manufaktura-enpresei lehiakorrago izaten laguntzea, beren produktuak, produkzio prozesuak eta kontrola automatizatuz eta digitalizatuz.

Fabrikazio adimendunaren alde egina duen apustuaren barruan, Euskadik Industria Digitala eta Basque Industry 4.0 bezalako laguntzak abiatu ditu, euskal enpresek diru-laguntzak izan ditzaten 4.0 industriaranzko bidean eta behar bezainbat laguntza izan dezaten ongi ezagutzeko teknologia produktiboak, dela eskura dituztenak, dela euskal enpresek beren negoziorako gara ditzaketenak. Prozesu horietan laguntzaile dira hornitzaile espezializatuak, hots, teknologi zentroak.

Apirilaren 8an SPRIk deialdia ireki du euskal manufaktura-enpresei zuzendutako bi programa horietarako (Industria Digitala eta Basque Industry 4.0). Programa horien ezaugarriak dira:

Basque Industry 4.0

2,5 milioi euroko aurrekontua esleitu zaio, 2015ean baino %20 gehiago.
Programa honek babesa ematen die “teknologi hornitzaileen” teknologia manufakturako enpresa industrialetara transferitzea helburu duten industri ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuei. Laguntzen asmoa da garapen esperimental horiek azkarrago eramatea merkatura eta, hala, enpresak posizio eta lehiakortasun hobea lor dezala.

SPRIk kudeatutako laguntza hori 300.000 eurorainokoa izan daiteke eta itzulgarria ez den diru-laguntza bezala ematen da.
Basque Industry 2015ean sortu zen eta bere lehen edizioan 1,88 milioiko 16 proiektu babestu zituen, eragindako inbertsioa ia 5 milioi eurokoa izan zelarik.

Deialdia zabalik egongo da 2016ko apirilaren 8tik maiatzaren 16ra bitartean.

Industria Digitala

2,7 milioi euro esleitu zaizkio 2016rako.

Programa honen helburua da teknologia digitalak txertatzeko proiektuak babestea, teknologia horien bidez manufakturako enpresa txiki eta ertainen produkzioa automatizatzeko.

SPRIk kudeatutako laguntza hori 18.000 eurorainokoa izan daiteke proiektuko, eta itzulgarria ez den diru-laguntza bezala ematen da.
Industria Digitala programari 2,6 milioi euro esleitu zitzaizkion 2015ean, eta 9 milioiko eragindako inbertsioa lortu zen 313 enpresaren modernizazio eta digitalizazioan.

Deialdia zabalik egongo da 2016ko apirilaren 8tik irailaren 23ra bitartean.

Basque Industry 4.0 eta Industria Digitala bat datoz Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Agenda Digitalarekin eta Fabrikazio Aurreratuko Estrategiarekin. Bi planak beraizik diseinatu dira lehiakortasuna hobetzeko, elkarrekin konbinatuz EAEko jakintza industrial produktiboa eta mundu mailako joera teknologikoak.

Beste alde batetik, SPRIk Innobideak Estrategiaren deialdia ireki du, deialdi horren bidez diru-laguntzak emateko berrikuntza ez-teknologikoko proiektuentzat.

Ekimen horretara 2,5 milioi euro bideratu dira eta industri arloko enpresei zuzenduta dago. Innobideak estrategia global bat da, lau laguntza-ildo eskaintzen dituena: Kudeabide, kudeaketaren hobekuntzarako; Lehiabide, produktua eta merkatua dibertsifikatzeko; Pertsonak, langileen partaidetza bultzatzeko enpresan; eta Prestakuntza, aurreko hiru ildo horiek gaikuntzaren bidez indartzeko. Bost lanpostuko enpresek lehen aldiz daukate aukera Lehiabide programaren onuradun izateko. Programa apirilaren 8an hasi eta irailaren 28an amaituko da.

Innobideak Estrategiarako deialdia apirilaren 8an ireki da, 2016ko irailaren 28ra arte. Estrategia horrek diruz laguntzen ditu euskal enpresen lehiakortasuna sustatzea helburu duten berrikuntza ez-teknologikoko proiektuak.

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bidez zuzendutako laguntza-ildo horrek 2,5 milioi euroko zuzkidura du. Funts horien helburua da industria arloko enpresetan berrikuntza ez-teknologikoa txertatzen duten proiektuak subentzionatzea, euskal konpainien kudeaketa hobetzeko, merkatu berrietarako sarbidea errazteko, produktu berrien garapena sustatzeko eta, bide horretatik, denboran sostengarria izango den posizio lehiakorra lortzeko.

Estrategia horren onuradunak dira industri arloko enpresak, enpresa horien produkzio prozesuari lotutako zerbitzu teknikoetako enpresak, eta informazio eta komunikazio gizartearen arlokoak, baldin EAEn zentro bat badute beren jarduera ekonomikoa garatzeko.
Innobideak estrategia lau laguntza-ildotan egituratzen da, erantzuna emateko ekimen berritzaileen bidez hodetu daitezkeen enpresa jardueraren hainbat alderdiri.

Lehiabidek kanpoko profesionalekin lankidetzan ari diren euskal enpresei laguntzen die produktuak eta zerbitzuak dibertsifikatzeko aukera emango dieten alderdiak identifikatzen, bide horretatik premia berriak estaltzeko eta merkatu berrietan sartu ahal izateko.
Lehiabide 2016ko programan bada nobedade bat, zeren bost lanpostuko enpresek aukera baitute onuradun izateko proiektuak lankidetzan gauzatzen badituzte.

Kudeabide programaren helburua da euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea, kudeaketa aurreratuaren metodologiak, tresnak eta printzipioak aplikatzen eta ezartzen lagunduz, hasierako kontraste baten bidez, eta proiektu pilotuak eta/edo finkatze-proiektuak garatuz.
Eusko Jaurlaritzak lideratutako programa hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin elkarlanean garatzen da, eta EUSKALITen laguntza ere badu.

Pertsonak. Innobideak Estrategiaren barruko hirugarren laguntza-ekintzak Pertsonak du izena. Langileek enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan parte hartzea sustatzen du, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko.

Azkenik, Prestakuntza ekimenak prestakuntza-moduluak eskaintzen dizkie enpresetako profesionalei, Kudeaketa Aurreratuaren giltzarriak ezagutu eta inplementatu ditzaten. Programa hori doakoa da eta urte osoko prestakuntza eskaintzen du.

Aurrekoaren osagarri, eta Innobideak Estrategia ahalik eta enpresa gehienengana hurbiltzeko, SPRIk, GARAPENekin eta Tokiko eta Eskualdeko Garapen Agentziekin batera, dibulgaziozko jardunaldiak egingo ditu apirilean EAEko hainbat lekutan, bertatik bertara argitzeko edozein zalantza Innobideak Estrategiarekin lotutako programen helburuei buruz eta programa horien onuradun izateko eskatzen diren betekizunei buruz.[:][/fusion_builder_column][/fusion_builder_row][/fusion_builder_container]

PARTEKATU