2017, Matxoa 29

Jakincode eta Grupo Alcor-eko Gaizka Grajales sarituak izan dira Araba Ekinean 2017 Jardunaldian

  • Alcor Taldeko kontseilari ordezkari Gaizka Grajalesek lortu du “Ekintzaile Handia” saria
  • JakinCode zibersegurtasun alorreko zerbitzuen enpresaren fundatzaile Mikel Díaz de Arcaya eta Diego Gil gazte ekintzaileek lortu dute ‘Araban ekin’ saria
  • Arabako diputatu nagusi  Ramiro Gonzálezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eman dituzte sariak, Araba Ekinean ekitaldiaren jardunaldi nagusian, zeinean hogei hizlarik eta gehiagok hartu baitute parte
  • Orobat, “Zure ideiak balio du” XIII. lehiaketaren sariak banatu zaizkie irabazleei: Sara Irazu eta Borja Marugan (Ideiak kategorian), Diego Delgado eta Borja Yrazu (Berrikuntza), Andrea Garín (Aukera), eta Maialen Ormaetxea eta Jens Guftafsson (Iraunkortasuna)

Araba Ekinean ekitaldia —Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, eta Eusko Jaurlaritzak BIC Araba-ren bitartez urtero antolatzen dutena— amaiera eman dio gaur 2017ko edizioari, jardunaldi nagusiarekin eta sari banaketarekin. Alcor taldeko kontseilari ordezkari Gaizka Grajalesek jaso du ‘Ekintzaile handia’ saria, eta JakinCode enpresako kide Mikel Díaz de Arcaya eta Diego Gilek, ‘Araban ekin’ saria. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek banatu dituzte sariak.

Gaizka Grajalesek 1994an sortu zuen Alcor taldea, eta gaur egun taldeko kontseilari ordezkaria da. Hasieran automozioko enpresa txiki bat erosi zuen taldeak, eta aeronautikaren sektorean beste bat sortu. 23 urte hauetan haziz joan da, sozietate berriak sortuz eta nazioarteko proiektu garrantzitsutan parte hartuz, Airbus A380 programan, esaterako. Azken proiektua, Mizar Additive Manufacturing sozietatea, 2014an jarri zuten abian; teknologia ezberdinak baliatuz ekoizpen gehigarriaren alorrean dihardu horrek, bereziki aeronauntikaren, osasunaren eta industriaren alorretan. Iaztik, beste bi enpresa teknologikoren akziodunen artean dago:  Emedica, software medikoa garatzen duena, eta Karten, satelite bidezko irudien azterketaren ingeniaritzan diharduena.

Mikel Díaz de Arcaya eta Diego Gil JakinCode enpresaren bazkide fundatzaileak dira. Araba Ekinean-en “Zure ideiak balio du” lehiaketan ere lortu zuen saria duela hiru urte. JakinCode enpresa 2014ko urrian fundatu zuten, zibersegurtasunaren alorrean zerbitzu aurreratuak eskaintzeko helburuarekin, bai eta aktibo industrialen segurtasuna osorik monitorizatzeko tresna adimentsuak garatzeko ere. Urtebete baino gehiago softwarea garatzen eman ondoren, 2016an hasi ziren produktua/zerbitzua merkaturatzen, eta jarduerako lehen urtean sei lanpostu sortu dituzte. Gaur egun hainbat sektoretako enpresekin ari dira lanean, azpiegitura kritiko batzuetan eta erakunde publikoetan.

Araba Ekinean ekitaldian saritutako hiru ekintzaile horiek proiektuak gure mugetatik kanpo garatzen ari diren lurraldeko ekintzaileen labealdi berriaren eredua dira.

Haiekin batera, “Zure ideiak balio du” XIII. lehiaketaren sariak ere banatu dira. 2017an aurkeztutako 24 proiektuetatik 12 baino ez dira finalera iritsi, eta egileek gaur goizean aurkeztu dizkiete proposamenak epaimahaiari eta publikoari.  Sara Irazu eta Borja Maruganek  IDEIAK kategorian lortu dute saria, “Bihotzadore-Voces de Emoción”, proiektuarekin: mugikorrerako aplikazio bat da, gaixotasun larria bat gainditu duten pertsonak eta orain gaixotasuna dutenak harremanetan jartzeko. Andrea Garínek AUKERA kategorian irabazi du, “The Best  5″ proiektuarekin: merkataritza elektronikoaren alorreko ekimen horrek erabiltzaileak eskatutako milaka artikulu eta iritzi bilatzen ditu, eta horien arteko 5 aukera onenak erakusten. Diego Delgado eta Borja Yrazu BERRIKUNTZA kategorian izan dira irabazle, “ID.EMERG” proposamenarekin: aplikazio horrek telefono mugikorren tresna biometrikoak —hatz-marken irakurgailuak— baliatzen ditu aldez aurretik erregistratutako informazio klinikoa emateko, larrialdi kasuetan. Azkenik, Maialen Ormaetxea eta Jens Guftafsson IRAUNKORTASUNA kategoria berrian gertatu dira irabazle, “Stillgood.es” proiektuarengatik: elikagai ez-galkorren online supermerkatua da, dena delakoagatik zaramara bota behar diren baina kontsumitzeko moduan dauden produktuak eskaintzen dituena.

Hauek banatu dituzte sariak: Pilar García de Salazar, Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusiordea; Nerea Melgosa, Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzia; Aitor Urzelai, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendaria, eta Kristina Apiñaniz, Aclima-Euskadiko ingurumen arloko industrien klusterreko zuzendari nagusia.

Hogei hizlaritik gora eta B2B topaketa

Araba Ekinean programaren XIV. edizioaren jardunaldi nagusia azoka plaza formatuan egin da bigarren urtez jarraian, hau da, agertoki ezberdinetan hainbat jarduera garatuz. Hogei ekintzaile eta adituk baino gehiagok azaldu dituzte beren esperientziak 150 entzule eta gehiagoren aurrean. Bestetik,  eta lehenengo aldiz, B2B topaketa (banakako bilera hitzartuak) egin da ekintzaileen eta finantza-agenteen (Business Angels), coworking espazioen edo proiektua-azeleratzaileen artean. Orotara 40 elkarrizketatik gora izan dira, hastapenetan dauden proiektuei aukera berriak irekitzearren.

Hizlarien artean hauek izan dira nabarmengarrienak: Danimarkak Espainian duen enbaxadako komunikazioaren eta gai publikoen agregatu Mikkel Larsen — Danimarkako ekintzailetza sistemaz hitz egin duena—,  Pau Cuervo ekintzaile katalana, Espainiako 30 urtetik beherako 20 ekintzaile onenetako bat, eta Ecodes fundazioko zuzendari Victor Viñuales,  enpresak klima aldaketari egokitzearen arloan Europako aditu handienetako bat.

“Cámbiame Emprendedor” saioaren azken ekitaldia ere egin da. Hiru entrenatzailek aholkularitza eman diete bi ekintzaileri, eta lantegi bat egin dute Arabako Batxilergoko eta LHko ikastetxe batzuetako ikasleekin. Bukatzeko, enpresaburu ezagunen eta gazte ekintzaileen arteko bi solasaldi egin dira, Arabako ekintzailetzari buruz mintzatzeko.

 

PARTEKATU