F2P Campus
2022, Ekaina 22

Gasteizko F2P Campusean 13 herrialdetako eta 4 kontinentetako bideo jokoen taldeen eskaerak jaso dira, eta hain artean daude, lehen aldiz, Ipar Amerikako 2 talde eta Hegoafrikako bat

Munduko free-to-play bideo jokoen nazioarteko lehen campusaren antolatzaileek uztailaren hasieran iragarriko dute zein diren bost talde hautatuak

F2P Campuseko herritar ororentzako Games Academy izeneko programa ekainaren 30ean hasiko da Amurrion, eta bi lantegi egingo dira bideo jokoak egiten ikasteko, aldez aurreko ezagutzarik gabe

 

F2P Campusa Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Euneiz Unibertsitateak bultzatutako ekimena da, eta free-to-play bideo jokoen (jolastu ahal izateko ordaindu behar ez direnak) munduko lehen campusa da, eta haren hirugarren edizioa orain arte egindakoetatik nazioartekoena izateko bidean da. Lehiaketaren antolatzaileek 13 herrialdetako eta 4 kontinentetako 17 talderen eskaerak jaso dituzte. Talde horiek eskaera egin dute Arabako hiriburuan 2 hilabete igarotzeko aukera emango dien 5 plazetako bat betetzeko asmoz, euren proiektuak sektoreko aditu onenetako batzuen laguntzarekin bizkortu ahal izateko. “Kuba, Kanada, Mexiko, Korea, Hegoafrika, Bielorrusia, Ukraina, Errusia, Georgia, Lituania eta Espainiako taldeak ditugu eta, lehen aldiz, Ipar Amerikako 2 talde ere bai. Eskaera aniztasun horrek agerian uzten du gure campusak gero eta agerpen handiagoa duela mundu osoan, eta urrezko aukera da Gasteiz, Araba eta Euskadi osoa sektore horretan ekiteko lurralde egoki gisa aurkezteko; izan ere, 2020an, Espainian soilik, 1.100 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen sektore horrek”, nabarmendu du Raúl Herrero campusaren zuzendariak. Campusaren kudeaketan BIC Arabak laguntzen du. Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren eta Euskaltel Fundazioaren babesa ere badu programak, baita Basquegame eta Game BCNren laguntza ere.

Uztailaren hasieran, 2022ko F2P Campusean parte hartzeko hautatutako 5 taldeen izenak emango dira ezagutzera. Campusa uztailaren 18an hasiko da, Salburuko Euneizko Unibertsitatearen instalazioetan egingo da 2 hilabetez eta parte hartzaileek mota horretako bideo jokoetan aritzen diren munduko aditu onenetako batzuen laguntza, aholkuak eta hitzaldiak izango dituzte. Hain zuzen, bideo joko horiek gero eta merkatu kuota handiagoa hartzen ari dira.

  

Games Academy

Bestalde, ekainaren 30ean Games Academy hasiko da Amurrion, F2P Campuseko herritar ororentzako programa. Amurrio Bidean garapen agentziarekin lankidetzan, bigarren urtez, bi lantegi antolatu dira bideo jokoak egiten ikasteko, aldez aurreko ezagutzarik gabe. Lantegiak 14 urtetik gorako gazteentzat dira, eta ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean egingo dira, Refor-en instalazioetan. Helburua da Euskadin bideo jokoen industria sustatzea eta gazteen artean bokazio berriak sortzea.

Topaketek bideo jokoen garapenerako hurbilketa erraz eta soila eskainiko dute. Parte hartzaileek beren lehen mailak, mekanikak eta menuak sortu ahal izango dituzte oso tresna bisualak erabiliz, eta, horrela, sektore horrekin lehen harremana izango dute, eta bideo joko bat hutsetik abiatuta egin ahal izango dute. Lantegiak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da Amurrio Bidean-en. Edozein kontsulta egiteko, telefono honetara deitu daiteke: 945891721. Ekainaren 1eko lantegia maila aurreratuagokoa izango da, eta parte hartzaileek gaindituta izan beharko dute hastapen lantegia, aurtengoa edo iazkoa.

 

PARTEKATU