2015, Martxoa 5

8 proiektu eta 14 sustatzailerekin abiatu da Yuzz Arabaren 4.edizioa

Besteak beste, Hiri adimendunak, Berrikuntza soziala eta IKTekin lotutako proiektuak dira; programak irauten duen bost hilabeetan zehar euren bideragarritasuna aztertuko da.

CEIA, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak YUZZ “Ideiak dituzten gazteak” programaren 4.edizioa abiarazi du, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa, ideia berritzaileak negozio bihurtzeko planak egiteko laguntza, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen duena.

Martxoaren 4ean martxan jarri eta uztaila bukaeran bukatuko den YUZZ-Arabaren edizio honetan 14 sustatzailek hartzen dute parte, 8 proiekturekin, gehienak Hiri adimendunak, Berrikuntza soziala edota IKTekin lotutakoak.

Programa honek sustatzaileen eskura jartzen ditu hainbat baliabide, besteak beste: adituen sare zabal bat, berrikuntzan eta ekintzailetzan adituak diren enpresa, irakaskuntza edota ikerketa munduko pertsonak; diziplina anitzeko tutoretza eta aholkularitza, parte-hartzaile bakoitzarentzako laguntza bereiztuarekin; lanerako gune bat CEIAn (Arabako Parke Teknologikoan), prestakuntza eta aholkularitza jarduerak garatzeko beharrezko azpiegitura duena.

Aipatzekoa da, azken hiru edizioetako irabazleek euren ideiekin enpresa sortzea lortu dutela: IDEABLE, KEINOBY eta JAKINCODE

YUZZ, ideiak dituzten gazteak

YUZZ, ideiak dituzten gazteak CISE, Santander Ekintzailetza Nazioarteko Zentroak antolatutako programa da, CEIAren lankidetza duena eta Eusko Jaurlaritza-SPRIren eta Banco Santanderren laguntza.

Autonomia Erkidego desberdinetako 200dik gora adituz osatutako sarea du YUZZek, parte-hartzaileekin euren eskarmentua partekatzen dutenak hitzaldi, ikastaro, tailer edota beste prestakuntza-jardun batzuen bidez. Parte-hartzaileek jasotzen duten prestakuntza, enpresak sortu eta kudeatzen ekintzaileen kasu praktikoetan oinarrituta dago eta ekintzailearen gaitasunak eta eskumenak lortzera zuzenduta.

Programan parte hartzen duten tutoreak berriz, oinarri teknologikodun enpresa berritzaileen negozio planak garatzen esperientzia duten profesionalak dira. Ekintzaileen ikaskuntza prozesua babestea, etengabeko arreta eskaintzea eta negozio planen garapenean orientatzea da tutoreen lana.

Sariak

Estatuko hiru proiekturik onenen artean 60.000 euro banatzen dira: 30.000€ lehenak, 20.000€ bigarrenak eta 10.000€ hirugarrenak. Tokian tokiko sariek berriz, Silicon Valleyra bidaia egiteko aukera eskaintzen diete gazteei, berrikuntza arloan nazioarteko erreferentzia den eredua bertatik bertara ezagutzeko.

Arabako sustatzaileen artean hiru onenek CEIAko instalazioetan gune bat izango dute doan, 6 hilabetez, baita euren proiektuak garatzeko aholkularitza espezializatua ere.

PARTEKATU