
Design The Future tailerraren edizio berria
EHUko hamasei ikaslek parte hartuko dute i2Planet 2025 nazioarteko tailerrean, Suitzako CERN egoitzan
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hamasei ikaslek parte hartuko dute azaroaren 16tik 21era bitartean egingo den ‘Design The Future – Terraforming’ nazioarteko tailerraren edizio berrian, CERNen (Europako Ikerketa Nuklearrerako Erakundea) Genevako egoitzan.
Programa hau IdeaSquare-ren i2Planet 2025 hezkuntza-proiektuaren barruan kokatzen da, eta zientzia, teknologia eta sormena uztartzen ditu, giza eta adimen artifizialaren mugek eta etorkizun jasangarri baten eraikuntzan duten zereginak aztertzeko. Hautatutako ikasleak Arabako Campusean matrikulatuta daude edo, Araban bizi izanik, EHUren beste campus batzuetan ari dira ikasten.
Aukeratutako ikasleek –zortzi neska eta zortzi mutil– egun batzuk emango dituzte CERNen, helburu argi batekin: unibertsitate-komunitatearen eta ikerketa-zentro horretako zientzialarien arteko sinergiak ezartzea. Egonaldian zehar, ikasleen prestakuntza sustatuko da, planetaren gaur egungo eta etorkizuneko jasangarritasunean eragin positiboa izango duten ideia eta proiektuak sortzeko beharrezko tresnak eskaintzeko.
Bestalde, ikasleek nazioarteko erronka batean parte hartuko dute, non gure planetako benetako erronkei aplikagarriak izan daitezkeen estrategiak diseinatu beharko dituzten. Erronka hau ez da teknikoa soilik, baizik eta etikoa eta soziala ere: berrikuntza eta jasangarritasuna orekatzea, eta adimenak –gizatiarra zein artifiziala– ingurunearekin harmonian bizikidetzan egon daitekeela erakustea.
Esperientzia hezigarri eta eraldatzailea
Ikasleen agurreko ekitaldian parte hartu dute Ixone Fernandez de Labastida Medina, EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak; David Montero de la Torre, BIC Arabako zuzendariak; Mireia Martínez, BIC Arabako Ekintzailetza teknikariak; eta Jorge Tejedor Núñez, Arabako Campuseko Enplegagarritasun, Ekintzailetza eta Transferentzia zuzendariak.
Fernandez de Labastidak nabarmendu duenez, “ikaskuntza esperientzial berritzaile honen bidez, ikasleek aukera paregabea dute munduko ikerketa-zentro garrantzitsuenetako bat ezagutzeko eta bertako ikertzaileen eskutik ikasteko”.
Errektoreordeak gaineratu du: “Egonaldian zehar, ikasleek simulazio zientifikoetan parte hartuko dute, adimen artifizialak planetaren jasangarritasunean duen eraginari buruz hausnartzeko eta gero eta automatizatuagoa den mundu batean etorkizuneko belaunaldien hezkuntza nola bideratu eztabaidatzeko, diziplina anitzeko ikuspegitik”.
Halaber, azpimarratu du “nazioartekotze esperientzia intentsiboaz gain, parte-hartzaileek pentsamendu kritikoa, sormena, arazoak konpontzeko gaitasuna eta berrikuntza eta ekintzailetzarako trebetasunak garatuko dituztela; XXI. mendeko erronka globalak aurre egiteko ezinbesteko gaitasunak”.
David Montero-k, bere aldetik, “ikasle unibertsitarioak berrikuntza eta ekintzailetza zientifikoaren ekosistemara gerturatzearen garrantzia” azpimarratu du, “nazioarteko lankidetza eta gizartean benetako inpaktua duten irtenbide jasangarriak garatzea sustatzeko”.
Etorkizuna diseinatzea, zientziaren eta berrikuntzaren bidez
Tailerraren beste ardatz nagusietako bat izango da ekintzailetza berritzaileko ideia eta proiektuak garatzea, teknologia jasangarrietan oinarrituak eta ekonomia zirkularraren zein Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) barruan kokatuak. Horretarako, teknologiak etorkizuneko eszenatokietara proiektatuko dira, beste planeta batean zibilizazio jasangarri bat ezartzeko helburuarekin; ondoren, ikasitakoa Lurreko erronketara aplikatuko da, gure planetaren iraunkortasuna hobetzeko.
CERNeko programak berak azaltzen duen bezala, “gizateriak etorkizun iraunkorra izan dezan, beharrezkoa da pentsamendu arketipo tradizionalak gainditzea eta ikuspegi ez-linealak eta sistemikoak hartzea. Horrela bakarrik aurreikusi ahal izango ditugu gure planetak datozen hamarkadetan izango dituen erronka izugarriak”.
Ekimen hau INIZIA Araba Campus programaren barruan kokatzen da, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroarekin (BIC Araba) lankidetzan garatua, eta pertsona ekintzaileak sustatzea, aholkatzea eta babestea, baita unibertsitate-komunitatean oinarri teknologikoa duten enpresa berritzaileak sortzea ere du helburu.
PARTEKATU






