
Pedro José Salazar, AJL Ophthalmic enpresako CEOa, Araba Ekinean ekimenaren 2025eko Ibilbide Ekintzailearen sariaren irabazlea
Kroketak.eus artisau-produktu gastronomikoen enpresak irabazi du gazte ekintzaileen ibilbide onenaren Araban Ekiten saria.
Ekin Day ekitaldian, gaur, Europa Biltzar Jauregian egin den ekimenaren egun nagusian, banatu dira “Zure ideiak balio du” lehiaketaren 2025eko edizioko 11 kategorietako sariak ere.
Araba Ekinean, lurraldean ekintzaile-espiritua sustatzea xede duen ekimenak urteroko sariak banatu ditu gaur, Ekin Day ekitaldiaren barruan, pertsona eta proiektu ekintzaile arrakastatsuen lana saritzeko. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak (SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bitartez) eta Vital Fundazioak antolatzen dute ekimen hori. Aurtengo edizioan, AJL Ophthalmic enpresako CEO Pedro José Salazar izan da Ibilbide Ekintzailearen Sariaren irabazlea. Saritua bere sektorean liderra den enpresa arabar horren zuzendaritzarekin lotua dago 1992tik, eta nabarmendu egin da etengabe hazten ari den bere eskarmentu profesionalagatik, zuzendaritza-gaitasunen garapenak, egokitzeko gaitasunak eta estrategia berritzaileen ezarpenak markatua. Lan horri esker, 80 herrialdetan baino gehiagotan dago Arabako enpresa hori, 83 laguneko lantaldearekin, eta oftalmologiako inplanteak egiten dituen enpresa bakarra da Estatuan.
Bestalde, Kroketak.eus artisau-produktu gastronomikoen proiektuak Araban Ekiten saria irabazi du, lurraldeko gazte ekintzaileen ibilbide onena saritzen duena. Juan Gil eta Patxi Ruiz de Samaniegok bultzatutako enpresa hori euskal sukaldaritzaren sustraietan eta lehengaiaren kalitatean oinarritzen da kalitate handiko produktu gastronomikoak egiteko, eta hainbat kanalen bidez merkaturatzen dituzte elikagai horiek. Kroketa produktu izar gisa hartuta, 2021az geroztik hainbat negozio- eta produktu-lerro garatu dituzte, berrikuntza ekarriz baina beren esentzia galdu gabe betiere.
Arabako Ekonomia Garapenaren eta Jasagarritasunaren Saileko foru diputatua Saray Zaratek eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriak banatu dituzte sariak. Ahaldun Nagusiak hauxe nabarmendu du: “Araba oso lurralde erakargarria da inbertsiorako eta ekintzailetza mimatu egiten du”. Adierazi duenez, “Arabako Foru Aldundia jakitun da enpresek eta ekintzaileek gure gizarteari egiten dioten ekarpenaz, eta haiei ahalik eta erraztasun handienak emateko lan egiten du. Une honetan, aurrera goaz ekintzailetza-zentro bat abian jartzeko bidean, eta zentro hori erreferentzia izango da jarduera berri bat martxan jarri nahi duten pertsona guztientzat”. Gasteizko alkateak, berriz, hauxe adierazi du: “ekintzaileak ezinbestekoak dira Gasteizko garapen ekonomiko eta sozialerako”. Udalak estaldura integrala ematen die Ekintzailetzari Laguntzeko Plan Integralaren bidez, eta, horren bitartez, enpresa-proiektu berriak abian jartzea errazten duten ekintzak garatzen ditugu”. Alkateak aipamen berezia egin dio emakumeen ekintzailetzari, lurraldean gora egiten ari baita. “Gure hirian ideia berriak martxan jartzeko prest dauden emakume gehiago behar ditugu. Emakume zein gizon ekintzaileei, eskerrik asko Gasteizko garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeagatik”.
Aintzatespen horien aurretik, “Zure ideiak balio du” lehiaketako sariak iragarri eta banatu dira 11 kategoriatan, erakunde babesleen eskutik. Esparru horretan, Idoia Aguillo Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak adierazi duenez, “Vital Fundazioarentzat bereziki garrantzitsua da gure proiektu guztien lehen faseetan jardutea, ekimenak taxutzen eta definitzen hasten diren une horietan. Horregatik, ekintzailetzaren arloan oso garrantzitsua da ikasleekin lan egitea, dinamikak sortuz, jakin dezaten zer den ekitea, nolakoa den ideia bat sortzeko prozesua eta zer dakarren enpresa bat abian jartzeak maila ekonomikoan baina baita sozialean ere. Ekiteak esan nahi du beldurrik gabe huts egiten ikastea eta ideiak birplanteatzea ideia hobeak lortzeko; eta, horregatik, Araba Ekinean programaren gisako programak babesten ditugu, “helburu horrekin berarekin bat gatoz”.
Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotze zuzendari eta BIC Arabako presidente Ane de Ariñok, bestalde, Publikoaren Saria eman du, maiatzaren 12an egindako ideia finalisten aurkezpenera bertaratu ziren pertsonek aukeratua. “Ekintzailetzak lurraldearen motor ekonomiko gisa duen garrantzia azpimarratu du eta adierazi du garrantzitsua dela erakundeek ekintzailetza hori bultzatzea, zehazki, BIC Arabatik, Eusko Jaurlaritzaren Laguntzarekin SPRIren bidez”
Arabako garapen ekonomikoa bultzatzen duten proiektuak eta pertsonak.
CEO gisa gaur egun duen karguan, AJL OPHTHALMIC enpresako burua da Pedro J. Salazar Salegui eta arrakasta handiz betetzen du bere eginkizuna. Arabako Parke Teknologikoan dago enpresa hori, eta batez ere oftalmologiako espezialitaterako gailu medikoak diseinatzen, fabrikatzen eta banatzen espezializatua dago. Nazioartean ere presentzia handia du: 2 egoitza propio ditu AEBn eta Kolonbian, eta banatzaile-sare zabala 80 herrialdetan baino gehiagotan. Konpainia liderra da bere sektorean, eta teknologikoki punta-puntakoak diren aurrerapenak garatzeagatik nabarmentzen da.
2020aren amaieran-2021aren hasieran sortu zen Kroketak.eus enpresa eta Jundizko Udal Haztegian dago. Km0-ko gourmet “kroketak” egiten ditu Euskadin egindako bertako produktuekin. Hazteko prozesuan, jendeari zuzenean saltzeko espazio fisiko bat sortu dute Gasteizko hornidura-plazan, profesionalei banatzeaz eta hirugarrenentzat eta banatzaileentzat produktuak egiteaz gain. Dibertsifikatu eta produktu-lerro berriak ere atera dituzte.
‘Zure ideiak balio du’ lehiaketa
Ekin Day ekitaldiaren esparruan iragarri dira, halaber, “Zure ideiak balio du” XXI. lehiaketako proiektu irabazleak, maiatzaren 12an publikoaren eta epaimahaiaren aurrean proposamenak aurkeztu zituzten 18 finalisten artean. Lehiaketaren edizio honetan 61 parte-hartzaile izan dira. 2025eko edizioko irabazleak honako hauek dira:
– Ideia onenaren Vital Fundazioa saria: Itsaskide. Urkide ikastetxeko ikasle talde batek planteatutako ideia da, itsasoetan alga inbaditzaileen ugaritzea prebenitzen laguntzen duen buia adimenduna. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Ekimen jasangarrienaren Aclima saria: Biklin. Ontzi-garbigailurako xaboi ekologikoa da, dosifikazio-sistemarekin. Birkargatu daiteke eta ingurumena errespetatzen duen sistema da. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Gasteiz ON Merkataritza eta Turismo Saria: Hitz ilustratuak. Ilustrazioa ardatz duen ekimena, euskal kultura herritarrengana hurbiltzeko zubi gisa. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Nekazaritzako elikagai onenaren Eroski saria: Aquacheck. Ura edateko egokia den aztertzeko kit bat da, botila bat eta erabiltzeko behar diren elementu guztiak. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Industria-ekimen onenaren Michelin saria: Hexarehab. Proiektu honen helburua da beheko gorputz-adarrak birgaitzea adimen artifizialeko algoritmoak dituzten plataforma robotikoen bidez. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Osasunaren arloko ekimen onenaren i+Med saria: Sudur-tapoi ekologikoa. Sudurreko odoljarioak edo epistaxiak tratatzeko sudur-tapoi ekologikoa da. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Enpresaren eraldaketa sozialaren RPK sari berezia: Hackeatu etorkizuna. Hezkuntza-proiektua da, akademia itxurakoa, eta gazteak teknologiaren bidez ahalduntzea du helburu, hainbat diziplina teknologiko irakatsiz. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Trantsizio energetikorako berrikuntzaren Mobility Lab Sari Berezia: Blink Ligthing saddles. Seinaleztapen-sistema bat da bizikleten aulkietan jartzeko, eta aukera ematen du edozein bizikletatan seinaleztapen-sistema integratzeko, gainerako ibilgailu motordunetan bezala. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Deustuko Unibertsitatearen sari berezia, Berrikuntza eta Ekintzailetza Unitatearen bidez: aurkezpen onenaren Deusto emprende saria: Itsaskide. Urkide ikastetxeko ikasle talde batek planteatutako ideia horrek saria jaso du berriro, eta buia adimendun bat proposatzen du, itsasoetan alga inbaditzaileak ugaritu ez daitezen laguntzeko. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Data Value Management sari berezia adimen artifiziala hobekien txertatzen duen proiektuari: AidTec. Nekazaritzarako irtenbide integrala da, landa-sentsorizazioa eta aplikazio mugikor bat erabilita. Diploma eta 1.000 euro jaso ditu.
– Publikoaren sari berezia: Aquacheck. Ideia horrek nekazaritzako elikagaien kategorian ere jaso du saria. Ura edateko egokia ote den aztertzeko kit bat da, botila bat eta erabiltzeko behar diren elementu guztiak. Diploma eta 300 euro jaso ditu.
Inspirazioa eta networkinga
Ekin Day ekimena 16:30ean hasi da eta Ekin Orienta izan da lehen jarduera. Jarduera horretan espazio bat sortu da ekintzaileek ekintzaileak mentorizatzeko eta aholkularitza eskaintzeko, gure lurraldeko ekintzailetza-eragile nagusietako batzuen eskutik.
Ekitaldi nagusia 19:00etan hasi da, eta sariak banatu aurretik, Komedialdia komedia jaialdiaren zuzendari Txaro Mardaratzek hitz egin du eta umorea eta ekintzailetza lotu ditu. Ekitaldia Almudena Ciden mintzaldiarekin amaitu da. Bertan, “Más allá del tapiz” izenburupean, berrasmatzeaz eta erronkak eta zailtasunak gainditzeaz hitz egin du gimnasta olinpiko ohiak, ekintzailetzari estu lotutako zerbait, zalantzarik gabe.
PARTEKATU