2017, Urria 23

Optimus 3D enpresak, BIC Araban kokatuta, bere gaitasun teknologikoa sendotu du RPK taldearen sarrerari esker

Bi konpainiek euren presentzia indartuko dute, besteak beste, automozioaren, osasunaren eta aeronautika-industriaren sektoreetan.

RPK taldea Optimus 3D enpresaren kapitalean sartu da; horri esker, azken horrek bere gaitasun teknologiko eta sortzailea handitzeko aukera izango du, bai eta automozioa, aeronautika eta osasuna bezalako merkatu giltzarrietan daukan presentzia sendotzeko ere. Gainera, aliantza horri esker, Optimus 3D enpresak, 2018. urterako inbertsio berriak planifikatzen ari denak, nazioartean daukan presentzia indartu ahal izango du.

RPK kooperatiba arabarra Optimus 3D enpresaren kapitalean sartu da berriki. Hala, Arabako Parke Teknologikoan kokatutako startup honek gaitasun teknikoa eta sortzailea indartzeko aukera izango du, bai eta zerbitzu eta gaitasunei dagokienez jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat emateko ere, Fernando Oharriz zuzendari exekutiboak EMPRESA XXI egunkariari azaldu dionez.

Maiatzaren hasieran egunkari horrek aurreratu zuenez, bazkide industrial estrategiko baten bila zebilen Optimus 3D, hazteko eta nazioartekotzeko erronka teknologikoei azkarrago aurre egitea ahalbidetuko ziona. RPKren sarrerarekin prozesua itxi egin da.

Euskal multinazional honekin egin duen aliantzari esker, Optimus 3D enpresak hainbat etekin atera ahal izango dizkio RPKren gaitasunei, besteak beste: RPKk zentro teknologikoan dituen laborategiak baliatu ahal izango ditu piezen eta materialen saiakuntza teknikoak egiteko, bai eta FEMen espezializatutako ingeniaritza-taldea ere; halaber, nazioartean zerbitzua emateko aukera izango du, RPK taldeak herrialde desberdinetan (esaterako, Mexikon, Indian, Txinan edo Alemanian) dituen ezarpenei esker.

Akordio horri esker, Optimus 3D enpresak automozioa bezalako sektore giltzarrietan daukan presentzia indartu ahal izango du, non RPK enpresak eraikitzaile batzuen Tier 1 gisa jarduten duen. Hemendik aurrera fabrikazio osagarrian irtenbide-zorro berria eskaini ahal izango die bezeroei. Miñaoko enpresa apustu handia egiten ari da aeronautika-sektorearen alde. Ildo horretatik, bazkide berriak ematen dion kaudimen ekonomikoari esker, berme handiagoekin lehiatzeko aukera izango du. Azkenik, osasunaren alorrean, Optimus 3D enpresak hainbat I+G proiektutan aurrera egiten jarraituko du, datorren urtean merkaturatzea espero duena.

RPKren helduerak inbertsioen eremuan sakontzen jarraitzea ahalbidetuko du. Hain zuzen ere, ekipamendua eskuratzeko bigarren fasea planifikatzen ari da —ekainean HPren MJF 4200 makina bat eskuratu zuen—. Fase horri 2018. urtean emango dio amaiera, SLM teknologiadun metalentzako fabrikazio osagarrirako ekipo berri baten erosketarekin.

Spriren BIND 4.0 programako finalista bilakatu da Optimus 3D, eta aurten lantaldea handitzen jarraitzea aurreikusten du.  Halaber, Frantziako merkatuan sartzeko formula berrien bila ari da, non kanpo-ordezkaritza batekin lan egiten duen.

PARTEKATU