
Josu Yarritu eta Urtzi Villacianen elkarrizketa, 2cyBikes-eko sortzaileak
Nola sortu zen 2cyBikes-en ideia? “Eureka” momenturik egon zen?
Txispa lagunen arteko solasaldi batean piztu zen, hasieran txantxetan: “Eta bizikleta elektriko bat oraindik jasangarriagoa egin liteke?”. Ideia bueltaka hasi zen, eta konturatu ginen gure esperientzia pertsonalak eta profesionalak proiektuaren beharrekin guztiz bat zetozela. Denak ondo lerrokaturik zirudien, eta seinale moduan hartu genuen abentura honetan murgiltzeko.
Guztiok ekarpen ezberdinak egiten genituen: bizikleten mekanikan esperientzia, baterien inguruko ezagutza, eta enpresa-kudeaketako ikuspegia. Horrela jaio zen 2cyBikes, ia-ia “ideia zoriontsu” moduan, baina benetako proposamen bilakatuz: erabileratik kanpo zeuden bizikletak birgaitu, elektrifikatu, eta erabilgarriak, eskuragarriak eta ingurumen-inpaktu txikikoak bihurtu.
Zer izan zen mugikortasunaren sektorean ekiteko zuen motibazioa?
Ikusten genuen bizikleta elektrikoaren erabilera gero eta gehiago zabaltzen ari zela, batez ere hiriguneetan, eta aukera bideragarri bihurtzen ari zela adin, egoera fisiko eta ibilbide guztietarako. Erabiltzaile modura, beti izan gara gure betiko bizikletak konpontzearen aldeko edo bigarren eskuko bizikleten aldeko. Bi ideia horiek bat egin zuten, eta zerbait desberdina eskaintzeko erronka planteatu genuen.
Bizikleta elektrikoa jada jasangarria da, baina guk eragin positibo hori bikoiztu nahi genuen: bigarren bizitza duten osagaiekin eginda eta tokian tokiko ekoizpena sustatuz, hori ere jasangarriagoa baita definizioz.
Nola osatuta dago zuen taldea, eta nola osagarriak zarete?
Bi pertsona gara, profil oso ezberdinekin baina guztiz osagarriak. Batek bizikletarekiko pasioa eta ezagutza teknikoak ditu, eta besteak enpresa-kudeaketaren ikuspegia ekartzen du. Gainera, hasieratik baterien inguruan esperientzia handiko hirugarren perfil baten laguntza izan dugu, eta aholkularitza eskaini digu prozesuan zehar. Dibertsitate horri esker, proiektuaren behar gehienak barne-mailan estali ditugu.
Orain arteko erronka handiena zein izan da? Eta ikaskuntza handiena?
Erronka handiena izan da proiektuaren denborak kudeatzea eta gure eguneroko bizitzekin uztartzea. Oraingoz, gure lan-orduetatik kanpo garatzen dugun “ekintza osagarria” da, eta askotan neketsua egiten da. Gauzak nahi baino mantsoago doazela sentitze hori etengabea da.
Baina horrek irakatsi digu pazientziaz eta etengabeko lanaz jokatzera. Ikaskuntza handiena izan da ideia on bat izateaz gain, lurreratu, frogatu eta egokitu egin behar dela… eta batez ere, hasierako helburua ez galtzea bidean.
Non egon nahiko zenukete urtebete barru? Eta bost urte barru?
Urtebete barru, gure lehen 2cy [bizi] birgaitu eta elektrifikatuen salmenta sendotzea espero dugu, eta kontzeptua benetako aukera jasangarri gisa kokatuta egotea.
Bost urte barru, bigarren bizitzako bateriekin egindako bizikleten ekoizpena martxan edukitzea eta proiektua gure balioekin bat datozen pertsona berriei irekitzea gustatuko litzaiguke. Tailer bat irudikatzen dugu, energiaz betea —elektrikoa eta gizatiarra—, tokian tokiko bizikletak ekoizten hiria aldatzeko.
Zer ez du jendeak ikusten startup bat martxan jartzean, eta jakin beharko lukeen zerbait?
Askotan, emaitza bakarrik ikusten da: ideia polita, bizikleta erakargarria, sari bat… Baina atzean ordu asko, zalantzak, akatsak eta “benetan merezi al du honek?” galdetzen duzun egun asko daude.
Zorionez —eta hau izan da gure ikaskuntzarik handienetako bat—, jende asko dago laguntzeko prest: aholkulariak, eragileak eta erakundeak, une gakoetan bultzada ematen dizutenak aurrera jarraitzeko.
Nola uztartzen duzue ekintzailetza bizitza pertsonalarekin? Errutinaren bat, ohitura edo “truko” berezirik oreka mantentzeko?
Ez dugu formula magikorik, baina hasieratik ezarri genuen printzipio bati eusten saiatzen gara: proiektua lagunen artean sortu zen, eta beti izan behar du dibertigarri eta motibatzaile izaten jarraitzen duen zerbait.
Jakina, une zailak egoten dira, baina ia beti ikaskuntzaren bat ateratzen dugu. Horrek egunero bidea gozatzen laguntzen digu.
2cyBikes proiektua hasi zenutenetik, anekdotarik edo momentu ahaztezinen bat?
Aste pare bat izan genituen benetako “zoramena” izan zenak zabalkundearen aldetik. Aktiboki bilatu gabe, aste berean aurkeztu genuen proiektua zuzenean Euskadiko entzule gehien dituen irrati bateko saio batean, eta gainera, egunkari handi bateko kontrazalean agertu ginen.
Eta hori guztia proiektua lehen pausoak ematen ari zela, eta guk sentitzen genuela dena poliki zihoala. Harrotasuna, motibazioa… eta apur bat “inpostorearen sindromea” eta presio gehigarri baten arteko nahasketa izan zen.
Galdera azkarren txanda
- Ekintzaileei buruzko pelikula gomendagarriak?
Buff… hemen nabari da gurasoak garela eta aspaldi galdu dugula zer pelikula ikusi erabakitzeko gaitasuna. Zinemara goazenean, laguntzaile gisa joaten gara. Burura datorkigu Tadeo Jones… eta ez da txarra! Azken batean, bere burua berrasmatzen duen tipo bat da, sare gabe abenturara botatzen dena, zentzugabekeriaz, eta arazoak irudimenarekin konpontzen dituena. Hau da, ekintzaile eredugarria, kaskoarekin! - Inspiratzen zaituzten marka edo enpresaren bat?
Iaz SkunkFunk-eko sortzailea entzun genuen, eta ordutik erreferentzia bat bihurtu da guretzat. Erakusten du enpresa bat era jasangarri eta etiko batean garatzea posible dela. - Zer esaldi motibatzen zaituzte gehien lanerako?
“Pedalkada bakoitzak balio du.”
Askotan, denbora da gure baliabiderik urriena. Baina egiten dugun gauza txikienak ere aurrera egiteko balio duela badakigu. - Historiako pertsonaia batekin bilera izango bazenute, norekin izango litzateke?
Ziur asko trikoren bat ikasiko genuke Soichiro Honda, HONDAren sortzailearengandik. Berak gasolina-motorrak bizikletetan txertatzen hasi zen, eta hortik gaur egungo HONDA sortu zuen… Hasieran, behintzat, antzekotasun batzuk baditugu. - Iraganera itzuliko bazinete, berriz ekingo zeniokete ekintzailetzari?
Zalantzarik gabe. Proiektuaren etorkizuneko emaitza edozein dela ere, prozesuak merezi izan duela badakigu.
PARTEKATU