2017, Otsaila 16

Geroa enpresak listu-test bat garatu du Alzheimerra jasateko arriskua detektatzeko

Bio-markagailu berri horrek diagnostikoa egiten du sintomak agertu baino lehen ere.

BIC-Araba zentroan kokatuta dagoen Geroa Diagnostics startup bio-teknologikoak ikerketa proiektu bat dauka martxan, zeinak aurrerapen disruptibo bat ekar baitezake endekapenezko gaixotasun neurologikoen, bereziki, Alzheimer gaitzaren diagnostiko eta tratamenduaren arlora. Enpresak modu bat deskubritu du listuaren bidez gaixotasun hori jasateko arriskua detektatzeko. Bio-markagailu berri batekin lortu dute hori, eta Geroa enpresako lantaldeak patentatuta dauka jadanik.

“Deskubrimendu horri esker posible da horrelako gaixotasunak jasateko arriskua diagnostikatzea, pazientearen listua aztertuta” azaldu du Gorka Orivek, UPV/EHUko Farmaziako irakasle titularrak eta Geroa enpresaren fundatzaileetako batek. Alzheimer gaitzaren kasuan, testa dagoeneko probatu da 700 lagunen artean, eta “erakutsi du baliabide oso baliagarria dela kasu positiboak zein negatiboak diagnostikatzeko”.

Enpresa 2015ean sortu zen, eta Eva Carro eta Juan Carlos del Castillo dira beste bi fundatzaileak. Gaur egun, Alzheimer eta Parkinson gaitzei zuzendutako beren bi proiektu estrategikoak baliozkotzeko prozesuan daude. Lehenengoa oso aurreratuta dago, eta iazko urtearen amaieran lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Harvard Unibertsitatearekin eta Estatu Batuetan aitzindaria den Massachusetts General Hospital zentroarekin. Zentroko paziente guztiei egingo zaie Geroa enpresak garatutako testa. “Espero dugu gure bio-markagailua baliozkotuta egongo dela bi edo hiru hilabete barru, neuro-irudien eta bio-kimikaren arloko pautak barne. Horrek sendotasun handia emango digu” azaldu du Gorka Orivek.

Bio-markagailu berriari esker askoz errazagoa da diagnostikoak egitea, baina, horrezaz gain, dagoeneko frogatuta dago bio-markagailuak gaixotasuna jasateko arriskua detektatu dezakeela gaixoek sintoma argiak azaldu baino lehen ere. “Deskubrimendu oso disruptiboa da, eta tratamendu berriak sortzeko itxaropena zabalduko du” esan du UPV/EHUko irakasleak. Horren harira, Geroa enpresak beste ikerketa-ildo bat ere badauka zabalik, zeinaren helburua baita diana terapeutiko berriak deskubritzea, etorkizunean farmakoak garatu ahal izateko. “Test horiek gizartera lehenbailehen iristea nahi dugu, eta horretarako, lankidetzak bilatu behar ditugu enpresa farmazeutiko eta bio-teknologikoekin, eta arlo horretan ere gogor ari gara lanean”[:][/fusion_builder_column][/fusion_builder_row][/fusion_builder_container]

PARTEKATU