2016, Urtarrila 22

Eusko Jaurlaritzak Araban babestu ditu 2016ko lehen ekintzailetza-proiektuak

Hemendik gutxira Bizkaiko eta Gipuzkoako ekimen ekintzaile berriek ere laguntza jasoko dute, Ekintzaile Programaren bidez

Eusko Jaurlaritzak, Ekintzaile Programaren bitartez, hainbat laguntza emango dizkie 2016an industria eta harekin lotutako zerbitzuen sektoreetako enpresa-proiektu berritzaileei. Arabako hamaika ekimen ekintzaile izango dira diru-laguntza horiek jasoko dituzten lehenengoak. Programako Ebaluazio batzordeak urtarrilaren 11n aukeratu zituen ekimen horiek Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroan, bertan aurkeztu baitzituzten hautagaiek beren ekimenak. Datozen asteetan onartuko dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako proiektuak.

Programa horren bidez, oinarri berritzaile edo teknologikoko proiektuek adituen laguntza jasoko dute beren bideragarritasuna aztertzeko, ideia heltzeko eta enpresa martxan jartzeko prozesuan (merkatu azterketak, patenteak, finantza planak, prospekzio bidaiak, inbertsioak, kontratazioak, e.a.). Era berean, beren estrategia dibertsifikatu ahal izango dute, jarduera-ildo berriak sartuz eta merkatu edota negozio-eremu berrietara iritsiz.

Araban egingo den lehen errondaren bidez 200.000 €-ko laguntza ekonomikoak banatuko dira, eta onartutako proiektu bakoitzak 5.000 eta 30.000 euro bitarteko laguntzak jasoko ditu.

Hamaika enpresa berri horietatik bost Barnekintzailetzako proiektuak dira, Eusko Jaurlaritzak eta SPRI-Garapen Agentziak eredu horren aldeko apustua egin baitute, ekimen ekintzaileak indarrez sortu eta hazi daitezen, eta, bide horretatik, berritzaileago eta lehiakorrago egin ditzaten beren ekimenen sorleku diren eta jada errotuta dauden euskal enpresak.

Proiektuak sektore askotakoak dira: hala nola, energia, makina-erreminta, material berrien garapena, osasuna edo ziber-segurtasuna; eta sortzen eta garatzen dituzten produktuak ere era askotakoak dira: arropa adimendunak, material isolatzaile berriak, sorgailu elektrikoak, gaixotasun arraroak tratatzeko bio-teknologikoak, e.a.

PARTEKATU