2015, Ekaina 23

Droneak, negoziorako aukera bat euskal enpresentzat

Droneak hemen ditugu dagoeneko, eta euskal enpresentzat negoziorako aukera bat dira. Horixe azaldu zuen Aitor Cobanerak, SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Arloko zuzendariak, ‘Droneak: teknologia, arautegia eta negozioa‘ jardunaldiari hasiera emateko ekitaldian. Jardunaldia ekainaren 19an, ostirala, izan zen Arabako Teknologi Parkean, eta SPRIk antolatu zuen Araban CEIAk koordinatzen duen Enpresa Digitala ekimenaren bidez.

200 pertsona baino gehiago bertaratu ziren jardunaldira, eta Jose María Ramírez Cirizak, AESAko (Aire Segurtasunerako Estatu Agentzia) nazioarteko jardueren koordinatzaileak, eta hainbat sektoretako beste hamabi hizlarik hartu zuten parte. Norberak bere ikuspuntua azaldu zuen teknologia horren egungo egoerari eta epe motzean ikusten dizkioten aukerei buruz.

AirEstudio Geoinformation Technologies arabar enpresako CEO Lorenzo Díaz de Apodakak egin zuen jardunaldiaren sarrera. Zenbait egoeratan teknologia eraginkorra dela nabarmendu zuen eta, aldi berean, sortzen ari diren aukeren inguruan ohartarazi zuen, errealitatetik urrun baitaude. Zehazki, josketa-erabilera eta erabilera profesionala bereizteko beharra azaldu zuen. Gainera, enpresa-munduari ondo trebatutako profesionalek gauzatutako konponbide sektorial espezializatuagoak eskaini behar zaizkiola nabarmendu zuen. Beste hizlari batzuek ere alderdi hori, profesionaltasunaren ingurukoa, ere azpimarratu zuten.

Ondoren Jose María Ramírez Ciriza Aire Segurtasunerako Estatu Agentziako (AESA) ordezkariak hartu zuen hitza, eta luze azaldu eta argitu zuen zer arautegi dugun egun RPASren bidez (Remotely Piloted Aircraft Systems) jardutearen inguruan.

Aparatuek eta aparatuetako pilotuek bete beharreko baldintzak laburtzeaz gain, Ramírez Cirizak aipatu zuen arauen lehentasunezko helburua ondokoa dela: aireontzi zibiletarako irekita dauden eskualdeetan, piloturik gabeko aireontzien hegaldiak kontrolatuak izango direla bermatzea, aireontzi zibiletan kalterik ez sortzearren.

Gainera, jakinarazi zuen egun, arautegia onetsi eta urtebete igaro dela, AESAk erregistratutako eta baimendutako operadoreak 300 direla dagoeneko, eta 2015eko amaieran gutxi gorabehera mila izango direlakoan daude.

Arautegia aztertu ondoren, hainbat sektoretako hamabi profesionalek zenbait arlotan droneen erabileraren inguruan duten esperientziei eta aukerei buruz hitz egin zuten.

Belén Monercillok, APLICeko (Zientzia Berrikuntzarako Elkartea) zuzendari nagusiak, azpiegituren, adibidez, errepideen, trenbideen edo presen, ikuskaritzan droneak nola erabiltzen diren azaldu zuen, prezio handia dutelako eta sartzeko zail diren eremuetan sartu ahal direlako.

César Castrok, Bodegas y Viñedos Labastidako (Solagüen) Ardogintzako eta I+G+b-ko arduradunak, mahastien mahatsen heldutasun maila antzemateko lanetan egun erabiltzen diren teledetekzio bitartekoen ordez droneak erabil daitezkeela eta abantaila gehiago dituztela azaldu zuen.

Miguel Angel Guerguek, PCI Security Docorseko zuzendari bazkideak, segurtasun eta zaintza lanetan droneak nola erabil daitezkeen aztertu zuen; hori azaltzeko bideo erreal bat erakutsi zuen, non banda antolatu batek enpresa batean lapurtzeko nola jarduten zuen ikusten zen.

Juan Antonio Quirosek, UPV/EHUko Arkeologiako katedradunak, ondare historikoa identifikatu, aztertu eta dokumentatzeko orduan droneak nola erabil ditzakegun azaldu zuen.

Diego Morenok, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ikertzaile nagusiak, AIRBIOTA-CM programak aurkeztu zuen; horri esker, hiri-aireak bakteriak, onddoak eta polenak direla-eta zer kutsadura biologiko jasaten duen azter daiteke.

Néstor Peralesek, Itsas Salbamenduko Aire Ikuskaritzako buruak (SASEMAR), aipatu zuen egun RPAS bidez erreskateak egitea zientzia-fikzioa dela, helikopteroak eta ontziak ezin baitira ordezkatu lan hori egiteko. Hala ere, beste ustez, bilatzeko lanen inguruan aukera handiak dituzte, baita eragiketen jarraipena egiteko ere; izan ere, droneak erabil daitezke erabakitze-zentroetara informazioa zuzenean bidaltzeko.

Halaber, RPASko diseinatzaileentzat mezu argia azaldu zuen: diseinatzeko orduan zertarako erabiliko den hartu behar dute aintzat lehendabizi; ondoren, egiteko horretarako zer sentsore eta beharko diren eta informazioa bidaltzeko sistemak zehaztu beharko dituzte eta, azkenik, hegaldirako plataforma izan beharko dute kontuan.

Lorenzo Díaz de Apodakak, AirEstudio Geoinformation Technologieseko CEOak, sensorikaren garrantzia erakutsi zituen; hegaldian lortutako informazioa zuzenean bildu eta transmititzeko dituzten gailu elektronikoak dira.

Albaeroko CEO Ivan Villalvak hegan egiteko plataformen balioaz eta aisialdirako ekipoen eta erabilera profesionalerako ekipoan arteko desberdintasunez hitz egin zuen. “Terminologiarekin arazo bat dugu: oraingo jostailu asko ez dira droneak, aeromodelismoa dira”, azaldu zuen.

Manuel Velascok, Asegurándolo Aseguru-etxekoak, operatzaile bakoitzak erantzukizun zibileko aseguru egokia izan beharko duela azaldu zuen, erabiltzen duen aparatu motaren eta egiten duen jardueraren araberako asegurua, alegia.

Jacob Duartek, Escuadrone enpresako droneen pilotu eta irakasleak, hegan egiteko orduan inguruneak duen garrantzia azaldu zuen; horrez gain, droneak erabiltzeko pilotu profesionalak izatea garrantzitsua dela aipatu zuen, “ez baita jolas bat, abiazioa baizik”, eta horrek bere ondorioak dituela.

Eduardo Aragolazak, Vitoria-Gasteizko Suhiltzaileen buruordeak, segurtasun publikoaren arloan eta zenbait egoeratan esku hartzeko (esaterako, suteak, uholdeak…) orduan droneek zer aukera eskaintzen dizkiguten aipatu zuen.

Eta, amaitzeko, José Juezek, HEGAN-Basque Aerospace Clusterreko zuzendariak, euskal aeronautikoaren sektorearen erradiografia egin zuen; Euskal PBGren % 5 dela azpimarratu zuen. Sortzen den teknologia horrek zer aukera dituen aipatutako sektorean ere azaldu zuen.

Jardunaldia bideoz grabatu zen, eta laster SPRIren webgunean izango duzue ikusgai (www.spri.eus).

PARTEKATU