2022, Azaroa 15

Design The Future lantegiaren beste edizio bat

UPV/EHUko hamabi ikaslek Terraforming lantegian parte hartuko dute astebetez CERNen Suitzako egoitzan

Design The Future (Terraforming) lantegiari esker, UPV/EHUko hamabi ikaslek aukera paregabe bat dute Genevan (Suitza) Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundearen (CERN) erronketan parte hartzen duten ikertaldeen eguneroko lanarekin bat egiteko. Hautatutako pertsonak Arabako Campusean matrikulatuta daude edo, Gasteizen helbideratuta egonda, UPV/EHUren beste campus batzuetan matrikulatuta daude.

Hautatutako ikasleek astebete igaroko dute CERNen, unibertsitate kolektiboaren eta ikerketa zentro horretako komunitate zientifikoaren artean sinergiak ezartzeko. Egonaldian, ikasleentzako prestakuntza jarduerak sustatuko dira, planetaren jasangarritasunean gaur egun eta etorkizunean eragin positiboa izango duten ideiak eta proiektuak sortzeko beharrezko tresnak emango dituztenak.

Lantegiaren beste alderdietako bat da ekintzailetzako ideia eta proiektu berritzaileak lantzea, irtenbide teknologiko jasangarriak eta ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin lotutakoak emango dituztenak. Horretarako, teknologiak etorkizuneko agertoki batera estrapolatuko dira, beste Lur planeta batean zibilizazio jasangarri bat ezartzeko, eta, ondoren, atzea egin eta gure planetan diegun erronkei aurre egiteko ikaskuntzak eta irtenbide posibleak aplikatzeko.

CERNen programak dioen bezala: “Gizateriak, etorkizunean, gure pentsamendu arketipo tradizionalak ordezkatu eta ikuspegi ez-lineal eta sistemikoak hartu behar ditu. Horrela bakarrik diseinatu ahal izango ditugu gure planetak hurrengo hamarkadetan izango dituen erronka izugarriei ahalik eta gehien aurrea hartuko dieten agertokiak”.

Jarduera hori INIZIA Araba Campus programaren barruan dago. Programa hori, bada, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Gunearekin (BIC Araba) lankidetzan egiten da, eta ekintzaileak sustatzea, aholkatzea eta laguntzea du helburu, baita unibertsitate komunitatearen barruan enpresa berritzaileak eta oinarri teknologikokoak sortzea ere.

PARTEKATU