2018, Martxoa 5

BIC Arabak eta SPC enpresa teknologikoak Ances Open Innovation programa sustatzen dute Arabatik

Arabako enpresa-zentroak, Espainiako beste enpresa-mintegi batzuekin batera, startup-ei zuzendutako ekimen hau sustatzen du.

SPC enpresa arabarrak negozio-lerroak identifikatzeko erronka aurkeztu die gazte ekintzaileei.

ANCESek, berrikuntza eta enpresa-zentro nagusien elkarte nazionalak (BIC Araba elkarte horretako kide da) ekimen aitzindari bat jarri du martxan berrikuntza irekia sustatzeko.

Ances Open Innovation programak 13 trakzio-enpresa biltzen ditu. Enpresa horiek euren erronkak helarazi dizkiete teknologian oinarritutako berrikuntza-enpresa gazteei edo startup-ei, hartara, aurkeztutako irtenbiderik onena hautatzeko helburuarekin. Irtenbide horiek produktuak, zerbitzuak nahiz proiektuak izan daitezke.

Hamahiru trakzio-enpresa horien artean hiru enpresa euskaldun daude: Iberdrola, Euskaltel eta SPC. Enpresa teknologiko arabarrak, Arabako Teknologia Parkean dagoenak, honako erronka hau planteatu du: negozio-lerro berriak identifikatzea errobotikaren arlo teknologikoetan, 3D inprimaketan eta gauzen interneten.

Teknologian oinarritutako nazioarteko nahiz nazio barruko edozein enpresak har dezake parte programa honetan, betiere 2013ko urtarrilaren 1aren ostean eratu baldin bazen. Parte hartu nahi duten startup-ek martxoaren 22ra arte aurkez ditzakete euren proposamenak webgune honetan: www.ancesopeninnovation.com. Bestela, informazio gehiago ere jaso dezakete BIC Araban.

Irabazleek 500 euro irabaziko dituzte, baita trakzio-enpresarekin harremanetan jarraitzeko aukera ere.

 

PARTEKATU