2015, Azaroa 6

Berrikuntzarako laguntza-ildo garrantzitsu bi: ETE Tresna eta Fast Track to Innovation

Europar Batasunaren ETE Tresnak eta Fast Track to Innovation plan pilotuak milioi bat eurorainoko diru-laguntzak aurreikusi dituzte merkaturatzeko aukera handiak dituzten proiektuentzat. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean eginiko jardunaldi batean azaldu da nola aurkeztu behar dituzten euskal enpresek beren proiektuak onartuak izan daitezen. Leire Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak, esan du iaz 252 euskal enpresak 90 milioi euro eskuratu zituztela. “Aurkezten den proposamenak lehendik daudenak hobetu behar ditu, hau da, konponbide tekniko hobea eskaini behar du, arazo bat konpondu behar du eta merkatu bat izan behar du”, adierazi du Arabako CEIAko Maitane Txabarri ebaluatzaileak.

ETE Tresnaren eta Fast Track to Innovation-FTI ekintza pilotuaren bidez euskal enpresek laguntza handiak jaso ditzakete berrikuntza bultzatzeko, Europar Batasuneko bi tresna horiek berrikuntza ekintzak finantzatzen dituztelako. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziak), Innobasquek, BEAZek eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak antolatutako jardunaldi horretan, parte-hartzaileek finantzaketa hori nola eskuratu ikasi dute. Bi tresna horiek Horizontea 2020 programaren barruan daude, hots, ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko munduko inbertsio programa publiko handienean. Europako Batzordeak 80.000 milioi euro ditu programa hori 2014-2020. epean gauzatzeko. Diru hori berrikuntza prozesuetako etapa guztietarako finantzaketa emateko erabiliko da, hasi oinarrizko ikerketatik eta produktua merkaturatu arte.

Leire Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak, ireki du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean (Zamudion) egin den jardunaldia. Leire Bilbaok Horizontea 2020 programa izan du hizpide eta hauxe esan du: “aukera paregabea da Euskadirentzat espezializazio adimenduneko estrategia garatzeko”, kontuan izanik berau dela Jaurlaritzaren politika industrialaren lehentasunetako bat. Bilbaok azpimarratu du euskal enpresek laguntza handiak eskuratu dituztela 2014tik indarrean dagoen programa europar horretan. “252 enpresak 90 milioi euro eskuratu zituzten iaz”, adierazi du, Espainian lortu den finantzaketaren %11,6. “Gure enpresak proaktiboki ari dira lanean I+G arloan emaitzak lortzeko”.

16 euskal ETEk Horizontea 2020 programako finantzaketa jaso dutela nabarmendu ondoren, Europako Batzordeak berrikuntzari laguntzeko programetan garrantzitsutzat jotzen dituen helburuez mintzatu da. “Garrantzitsua da ikerketa teknologikoak merkaturatzea”.

200 milloi

Pilar Cerverok, EASME, ETEentzako Agentzia Exekutiboko kideak, Fast Track Innovation programa azaldu: “2015 eta 2016an 200 milioi euro banatuko dituen programa pilotu bat da. Eta berezia da, laguntzak ez daudelako sektore zehatzetara zuzenduta, baizik eta helburutzat dutelako lidergo industrialaren eta erronka sozialen inguruko ideiak finantzatzea”. Gainera, merkatuko fasetik oso hurbil egon behar dute. Cerverok esan du aurten 16 proiektu finantzatu direla dagoeneko eta horietatik lau Espainiako Estatukoak direla, zeintzuek 35 milioi euro jaso baitituzte. 1.149 parte-hartzaile aurkeztu diren arren, 69 bakarrik izan dira hautatuak.

Luis Guerrak, enpresei laguntzeko Ekonomia Ministerioaren menpeko Estatu agentziako (CDTI) ordezkariak, ETE Tresnari buruz hitz egin du. Guerrak segurtatu du tresna horren bidez Europako Batzordearen helburua dela hazkunde potentziala duten enpresak bilatzea. “Ez da I+G-ko programa bat. Merkatura iristen diren eta enpresa handiago egiten duten teknologiak azkartzea du helburu”.

Programa honek aurrekoak baino finantzaketa handiagoa ematen du, batez besteko diru-laguntzak milioi bat eurotik gorakoak baitira proiektuko. Aurten 10.000 proiektu aurkeztu dira, eta 900 baino gutxixeagok jaso dute finantzaketa.

Maitane Txabarri, Arabako CEIAko ordezkaria, kanpo ebaluatzaile lanetan ari da ETE Tresna programan, eta bertaratutako enpresei azaldu die nola aurkeztu behar dituzten beren proposamenak arrakasta izan dezaten. “Aurkezten den proposamenak lehendik daudenak hobetu behar ditu, konponbide tekniko hobea eskaini behar du, arazo bat konpondu behar du eta merkatu bat eduki behar du”. Ebaluatzaileak gomendio bezala esan du ahalegina egin behar dela nota altuena lortzeko eta negozio ikuspegia eduki behar dela, “geure dirua proiektuan sartzeko prest bageunde bezala. Ikuspegi globala izan behar duzue, ez zentratu bakarrik Europan, eta ez izan beldurrik zuen ahuluneak erakusteko. Ebaluatzaileak proiektuaren arriskuak aztertu behar ditu eta horregatik sartu behar dira proiektuan”.

Proiektu industrialak azkartzeko Hasten Ventures konpainiako Unai Zorriquetak bere lana azaldu du: “gure zeregina ez da proiektu bati Horizontea 2020 programan sartzen laguntzea, baizik eta negozio zentzua ematea”. “Zuen ikuspegia azaleratzen eta kanpoko norbaitenarekin alderatzen laguntzen dizuegu. Kontaktuak ematen dizkizuegu kontratuak lortzeko. Baina ezinbesteko baldintza da negozio handi eta bideragarria izatea”.

Europako laguntzak jaso dituen Biolaneko zuzendari nagusi Asier Albizuk hau esan du: “proiektuak apurtzailea izan behar du arrakasta izango badu, eta proiektua aurkezten dugunok horretan sinetsi behar dugu”.

Biolanek 30 herrialdetan lan egiten du eta merkataritza ordezkaritzak dauzka Txilen, Ekuadorren eta Indonesian. Berriki, Europako finantzaketa eskuratu du sulfitoak elikagaietan, bereziki mariskoan, eragiten dituen alergenoak detektatzeko proiektu baterako. “Sulfitoa neurtzeko sistemak oso motelak dira, ordu pare bat behar izaten dituzte, eta guk bi minutu baino ez ditugu behar. 800.000 eurotik gora eman zizkiguten”.

PARTEKATU