
Araba Ekinean ekimenak 2025eko edizioa jarri du abian, ideia-lehiaketa indartuz: 10.000 euro baino gehiago saritan eta adimen artifizialaren arloko beste sari bat
-Aurtengo jardunaldi nagusiak maiatzaren 12an, ideien lehiaketako finalisten aurkezpenarekin, eta ekainaren 5ean izango dira, Ekin Day ospakizunarekin.
– Aurtengo gai nagusia sareak eta sinergiek proiektu ekintzaileak bultzatzeko duten garrantzia da.
– Azokako jarduerak, urte osoan zehar egiten direnak, joan den urtarrilaren 30ean hasi ziren, Arabako LHko ikasleen 47 negozio-ideia aurkeztu zituen Eskola Enpresen Azokarekin.
Araba Ekinean ekimenak 2025erako jardueren programa aurkeztu du gaur. Aurtengo edizioarekin, 22 urte beteko ditu lurraldean ekintzailetza sustatzen eta bultzatzen. Erakunde hori Arabako ekintzailetzarekin lotutako ekimenak eta eragileak biltzen dituen gunea eta erreferentea da. Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez, eta Vital Fundazioak prentsaurreko bidez aurkeztu dituzte 2025ean ‘Talentua sarean’ izenburupean egingo den sariketa honen xehetasunak.
Ideia nagusi horrekin, Araba Ekinean ekimenak gure lurraldearen errealitate bat aitortu nahi du: lankidetza-testuingurua eta ekosistema ekintzaile indartsua ditu lurraldeak eta elementu horiek bokazio ekintzaileak eta proiektu berrien sorrera bultzatzeko baliagarriak dira.
Aurtengo edizioak Gasteizen eta Araban dagoen enpresa-talentuan eta pertsona horiei esker sortutako enpresa eta proiektuetan jarri du arreta. Izan ere, talentua, bakarka, ez da nahikoa ideia bat aurrera ateratzeko, eta hor sartzen dira jokoan Arabako ekosistema ekintzailearen ahalmena, lankidetza, sarea eta sinergiak, eta horrek guztiak ekintzaileei eskaintzen dizkien aukera guztiak.
Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, Maria Nanclaresek; Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako diputatuak, Saray Zaratek; Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzako eta Nazioartekotzeko zuzendariak, Ane Miren de Ariñok; eta Vital Fundazioko zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacuak, gaur azaldu dituzte urtarrilaren 28an abian jarritako edizio honi buruzko xehetasunak. Egun horretan egin zen Eskola Enpresen Azoka eta gaurko prentsaurrekoan maiatzetik ekainera bitarte egingo dituzten ekitaldi nagusien berri eman dute.
Ideien lehiaketa, AA eta Big Data aplikatzeko sari berezi berri batekin
Lehiaketa honen ekintza nagusietako bat ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketa da eta aurtengoa 21. edizioa izango da. Gaurko aurkezpenean jarri dute abian lurraldeko ideia eta proiektu ekintzaile onenak saritzen dituen lehiaketa honen 2025eko edizioa. Guztira, 11 sari banatuko dituzte irabazleentzat (sarien zenbatekoa 10.000 euro baino gehiagokoa da) babesa ematen duten erakunde ugarien laguntzari esker: Vital Fundazioa, Aclima (Ingurumeneko Euskal Klusterra), Gasteiz ON, Eroski, Michelin Fundazioa, i+Med, RPK, Deustuko Unibertsitatea, Mobility Lab Vitoria-Gasteiz eta Data Value Management.
Aurten, lehiaketak sari berezi bat izango du, gure enpresa-sarearen egungo joerei eta eskakizunei erantzuteko. Gasteizko Data Value Management start up enpresak babestuko du sari berri hori eta adimen artifizialeko eta datuen analisiko tekniken aplikazio egokiena proposatzen duen proiektua sarituko du.
Hauek dira 2025eko edizio honetako kategoria nagusiak:
– Vital Fundazioa saria, ideia onenarentzat.
– Aclima saria, ideiarik jasangarrienarentzat
– Merkataritzako eta turismoko Gasteiz ON saria.
– Eroski saria, nekazaritzako elikagaien arloko egitasmorik onenarentzat.
– Michelin Fundazioa saria, industria arloko egitasmorik onenarentzat.
-i+Med saria, osasun arloko ekimen onenarentzat.
Kategoria nagusi horiez gain (bakoitza 1.000 eurokoa), beste sari berezi eta metagarri batzuk ere banatuko dituzte eta proiektuek horiek eskuratzeko aukera izango dute aurrekoetakoren bat jasota ere:
– RPK sari berezia, enpresa arloko eraldaketa sozialarentzat.
– Gasteiz Mobility Lab sari berezia, mugikortasun eta logistika jasangarriak bultzatzeko.
– Deustuko Unibertsitatearen sari berezia, bere Berrikuntza eta Ekintzailetza Unitatearen (Deusto Emprende) bidez, proiektuaren aurkezpen onenari.
– Data Value Management sari berezia, Adimen Artifiziala (AA) ondoen txertatzen duen proiektuari
Sari berezi horietako bakoitza ere 1.000 eurokoa da, eta beste sari berezi bat ere egongo da. Azken hori ideia finalisten aurkezpenean parte hartu duten ikusleek aukeratuko dute eta 300 eurokoa izango da: Publikoaren Sari Berezia.
Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta martxoaren 26ko 14:00ak arte egongo da irekita. Oinarriak alavaemprende.com webgunean kontsulta daitezke. Lurraldeko eragile ekintzaileek osatutako epaimahaiak apirilaren hasieran aukeratuko ditu finalistak, eta lehiaketaren prozesuak hautatutako proiektu horiek iragartzeko ekitaldia ere jasotzen du. Bertan, defentsa publikoa egin beharko dute eta prestakuntza espezifikoa ere eskainiko dute aurkezpen horiek egingo dituztenentzat, beren ideiak laburbiltzen eta proiektua defendatzeko garaian konfiantza handiagoa izaten laguntzeko.
Maiatzaren 12an, Europa Jauregian, ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren XXI. edizio honetako ideia finalisten aurkezpena egingo dute. Ekitaldi horretan, ekintzaileek 5 minutu izango dituzte haien ideiak publikoari eta epaimahaiari azaltzeko, eta proiektuek saria merezi dutela erakusteko. Ekitaldia zabalik dago herritar guztientzat, baina izena eman behar da aldez aurretik alavaemprende.com webgunean.
Nabarmentzekoa da orain arte egindako edizio guztietan, 900 ekimen ekintzaile inguru aurkeztu dituztela lehiaketa honetara. Ekimen horiek, hain zuzen, agerian dute Arabako herritarrek (adin guztietako pertsonek eta askotariko esparruetako proiektuek) berrikuntza bultzatzeko duten gaitasuna eta sormenerako ahalmena.
Ekintzailetzaren orientazioa eta inspirazioa dira Ekin Day ekitaldiaren ardatzak
Urtero bezala, Ekin Day, ekainaren 5ean egingo dena, Araba Ekinean egitasmoaren jardunaldi nagusia izango da, eta ekintzailetzarako inspirazio- eta networking-gune eta topagune bihurtuko da. Iazko edizioan hasitako dinamikari jarraituz, ekitaldiak bi zati izango ditu: lehena, ekintzaileen orientazioari zuzendua, ekintzailetzari buruzko zalantzak argitzen lagun diezaieketen pertsona eta erakundeekin harremanetan jartzeko aukera emango diena.
Bigarren zatiaren helburua inspirazio-iturri bihurtzea izango da. Hala, ekintzailetza arloan ibilbide esanguratsua duen pertsona batek esku hartuko du adibide eta ikasketarako bide bihur dadin. Bestalde, aitortzarako eta sariak banatzeko tokia ere izango da. Ekitaldian, ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketako saridunak ezagutarazi eta banatuko dituzte, bai eta Araba Ekinean 2025 Sariak ere. Azken horiek ekimen ekintzaile gazte bati eta ekintzailetzaren arloan egindako ibilbide profesional osoari emandakoak izango dira.
Jardunaldiko bi ekitaldi horietarako sarrera doakoa izango da, baina Araba Ekinean webgunean eman behar da izena aldez aurretik. Datozen asteetan emango da ekitaldiaren egitarau osoaren berri.
Ekin Breakfast
Araba Ekinean ekimenak Ekin Breakfast programa berria garatuko du aurten ere, eta doako topaketa tematiko txikiak izango dira lurraldeko ekintzailetzaren hainbat sektore eta alderdiren gainean. Iaz, aurrez aurreko 7 topaketa egin ziren, eta 20 ekimen ekintzaile baino gehiago eta 270 parte-hartzaile inguru bildu ziren. Topaketa horiek erakusleiho modukoa dira beren esperientzia aurkezten duten enpresentzat, baita enpresa-ibilbidea hasteko prozesuan egon daitezkeen beste pertsona batzuei laguntzeko eta inspirazio-iturri bihurtzeko gunea ere. Merkataritza, ekonomia zirkularra, adimen artifiziala edo robotika bezalako esparruetako ekintzailetza izan ziren 2024ko zikloko gai nagusietako batzuk.
Aurtengo Ekin Breakfasten programa otsailaren 4an, asteartean, hasiko da eta gure lurraldean ekintzailetzarako eskuragarri dauden laguntzak izango ditu hizpide. Topaketa Vital Fundazioa Kulturunean izango da (Bake kalea 5, Dendarabako 1. solairua), goizeko 09:30etik aurrera, eta bertan, Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko, BIC Arabako eta Mendineteko ordezkariek ekintzaileek eskuragarri dituzten udal, foru, autonomia, Estatu eta landa mailako laguntzen epeak eta ezaugarriak azalduko dituzte.
Informazio eta izen-emate guztiak eskuragarri hemen: https://www.alavaemprende.com/eu/xxi-zure-ideiak-balio-du-lehiaketa-2025/
PARTEKATU