2017, Iraila 4

CERNeko teknologiadun startupen Europako Sarean sartu da BIC Araba

Gaurtik aurrera BIC Araba enpresa-zentroa Ineustar-Pioneers Sarearen Euskadiko gunea izango da eta, hortaz, baita ere CERNek –partikulen fisika ikertzeko zentroak– garatutako teknologiak baliatu ahal izango dituzten enpresa-proiektu berrietan espezializatutako haztegia. Gaur, irailaren 4an, sartu da sarean, BIC Arabak berak eta Zientzia arloko Industrien Espainiako Elkarteak (INEUSTAR) hitzarmena sinatu ondoren. BIC Araba Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa da, eta Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako SPRI Taldeak du BIC Araba zentroko gehienezko partaidetza.

Akordio horrekin SPRIren helburua da 5 startuperaino haz daitezela BIC Araba zentroan. Ekimen horietako bakoitzak 40.000 eurorainoko diru-laguntzak jaso ahal izango ditu, eta lehentasuna izango dute CERNek garatutako teknologiak erabiltzeko hazkuntza-programak iraungo dituen bi urteetan.

BIC Arabak sare horretan parte hartzeak bermatu egiten die akordioaren babesean sortzen diren startup berriei Ineustar-pioneers sarearen laguntza teknologikoa jasoko dutela eta baldintza abantailatsuak izango dituztela CERNeko teknologia transferitzeko.

CERN (Ikerketa Nuklearrerako Europako Zentroa) partikulen fisikari buruzko ikerketan ari den munduko laborategi handiena da, eta beste hainbat garapen teknologiko garrantzitsu egin ditu, adibidez, World Wide Web teknologia. Bestalde, INEUSTAR-Pioneers sarea tresna bat da posible egiteko CERNek garatutako teknologia aurreratuak lehenago iritsiko direla euskal industriara.

BIC Araba Ineustar sareko gune bihurtzeko sinatu den akordioa osatzeko, SPRIk eta Zientzia arloko Industrien Espainiako Elkarteak ere lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, zeinaren bidez elkarrekin lan egingo duten Ineustar sareko azpiegitura teknologiko handietan sortzen diren teknologia transferentziako proiektu berriak dinamizatu eta sustatzeko.

PARTEKATU