Araba Ekinean-en 2020ko edizioak jomugan dauka pertsona ekintzaileek planetaren erronkei irtenbidea aurkitzeko duten ahalmen disruptiboa, eta ideien lehiaketa sendotu du: 9 kategoria izango dira, eta 10.000 euro baino gehiago saritan

Aurtengo sariketaren lema “Moonshot-ak ekintzailetzarako” izango da, eta ideia hau du ardatz: pentsamendu disruptiboa lehengaia izan daitekeela lorrezinak diruditen erronkei irtenbidea jartzeko eta negozio aukera berriak sortzeko

“Zure ideiak balio du” lehiaketaren 16. edizioak 9 kategoriatan sarituko ditu proiektuak: ideiak, jasangarritasuna, merkataritza eta turismoa, nekazaritzako elikagaiak, industria, zerbitzuak, berrikuntza, enpresa arloko eraldaketa soziala eta berrikuntzaren sari berezia; horiez gain, beste sari bat ere izango da, ikusleek emango dutena

Jarduerak urtarrilaren 29an hasiko dira Eskola Enpresen Azokan Andra Maria Zuriaren plazan, eta haien artean nabarmentzekoa da Ekin Day deritzon jardunaldi nagusia, zeina apirilaren 2an egingo baita Europa Biltzar Jauregian

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak —SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bidez— eta Vital Fundazioak gaur prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Araba Ekinean-ek 2020. urte honetarako proposatu dituen jarduerak, zeinen helburu nagusia baita lurraldean ekintzailetza bultzatzea eta pertsona ekintzaileen lanaren balioa nabarmentzea. Edizio honen lema “Moonshot-ak ekintzailetzarako” da. Moonshot kontzeptuak gizakia Ilargira iristean amaitu zen Apolo XI.aren misioan du jatorria, eta hizpide ditu lorrezinak diruditen arren lortzeko modukoak izan daitezkeen erronkak; lorgarriak izango dira baldin eta, erronka horiek betetzeko eta erantzuna emateko, pentsamolde eta lan egiteko modu desberdinak erabiltzen baditugu. Moonshot-ak, proiektuak eta negozio berriak abian jartzeko inspiraziotzat hartuta, eta Moonshot-ak, gure gizarteak eta gure planetak behar dituzten eta pertsona ekintzaileen lanari esker egin daitezkeen aldaketatzat hartuta.

Urtero bezala, sariketa honen xedea da Araban ekintzailetzarako dagoen talentua bistaratzea eta arabarren ekintzailetzarako bokazioa motibatu eta elikatzea. 2020ko edizioak balio du Araba Ekinean zeharkakoagoa finkatzeko. Izan ere, urteko mugarri bakarra izateari utzi dio eta jarraipena izatea lortu du, ekitaldiak urte osoan zehar antolatzeari esker, hala nola Ekin Breakfast deritzen ekintzailetzari buruzko topaketa sektorialak; hain zuzen, 2019. urtean hilero egin da deialdia lurraldeko hainbat lekutan. Hainbat sektore hartu dituzte ardatz, eta ildo berari jarraituko diote 2020an. Jarraipen horrek badauka zerikusia alavaemprende.com webgunearekin eta sariketa horren sare sozialekin ere; izan ere, haiei esker, gure lurraldean ekintzailetzaren inguruko komunitate garrantzitsu bat sortzen eta finkatzen ari da, eta hori izan zen iazko edizioan jarri genuen helburuetako bat.

Araba Ekinean-en edizio honen xehetasunak aurkezteko ardura izan dute Pilar García Salazar Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordeak, Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko alkateorde eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotziak, Aitor Urzelai BIC Arabako lehendakari eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzako zuzendariak eta Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari nagusiak. Edizio honetan, nabarmentzekoa da, halaber, “Zure ideiak balio du” izeneko sariak sendotu direla. Gure lurraldean egoitza duten enpresek ematen dituzte, eta haien bidez 10.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan, ekimen irabazleen artean. Hona hemen:

Ideiarik onenaren On4U saria. 500 euro

Ideiarik jasangarrienaren Aclima saria. 500 euro

Merkataritza eta turismoko Gasteiz ON saria. 1000 euro

Nekazaritzako elikagaien arloko ekimen onenaren Eroski saria. 1000 euro

Industria arloko ekimen onenaren Michelin saria: 1000 euro

Zerbitzuen sektoreko ekimen onenaren Ferrovial saria: 1000 euro

Enpresa arloko eraldaketa sozialaren RPK sari berezia: 1000 euro

Berrikuntzako Metxa sari berezia: izen bereko azeleratzaileak emana proiekturik berritzaile eta eskalagarrienari. Saria: plaza bat hurrengo Bootcamp Metxa-rako, 4.000 euroan balioztatua.

Ikusleen sari berezia: ideia finalisten azken aurkezpenera joango diren ikusleen artean aukeratua. 300 euro

Eskaerak aurkezteko epea gaur hasiko da, urtarrilaren 20an, eta martxoaren 13ko 14:00etan bukatuko da. Oinarriak hemen ikus daitezke: alavaemprende.com. Epaimahaia lurraldeko eragile ekintzaileek osatuko dute, eta martxoaren erdialdean hautatuko ditu finalistak. Haiek beren ideiak azalduko dituzte martxoaren 26an, asteartean, Goiuri jauregian egingo den ekitaldian. Eta irabazleak nor diren apirilaren 2an jakingo dugu, Araba Ekinean-en Ekin Day jardunaldi nagusian. Lehiaketa honen iazko edizioan 55 proposamen aurkeztu ziren eta lehiaketaren antolatzaileek aurtengo lehiaketan parte hartzera animatu nahi dituzte ideia edo proiektu ekintzaile bat duten pertsona guztiak. “Haien parte hartzea bultzada handia izan daiteke beren proiekturako; halaxe izan zen garai batean, gaur egun beren sektorean aitzindari diren beste ekimen batzuetarako”, nabarmendu zuten.

Martxoaren 26an Goiuri jauregian egingo den jardunaldian, orobat, B2B topaketa egingo da, laugarren urtez jarraian. Topaketa horretan, ekintzaileek banakako bilerak egin ditzakete aholkularitza, finantzaketa eta azelerazio erakundeekin, baita beste pertsona ekintzaile batzuekin ere. Topaketara joateko, aurrez izena eman behar da webgune honetan: www.alavaemprende.com. Aurreko bi deialdietan aldebiko ehun bilera baino gehiago egin ziren, eta haietatik lankidetza berriak sortu ziren.

Ekin Day eta Ekin Breakfast

Aurtengo jardunaldi nagusia, Ekin Day, apirilaren 2an izango da, arratsaldean, Europa Biltzar Jauregian, eta, edizio bakoitzean bezala, ekintzailetzarako topaleku eta inspirazio eta networking-erako gune bihurtuko da. Oraingo honetan, hiru gai izango ditu ardatz jardunaldiak:

  • Moonshot-ak, talentu ekintzailea hezteko. Gazteen artean berrikuntza eta ekitea sustatzea helburu duen ikuspegi berri bat ahalbidetzen duten hezkuntza eredu eraldatzaileen adibideak
  • Ekintzailetza eta pentsamendu disruptiboa erronka berriei erantzuteko, gure gizarteak eta gure planetak dituzten erronka berriei nola erantzun erakusten duten enpresen talde batekin.
  • Hibridazioari/Medici efektuari buruzko amaierako hitzaldia. Sektoreen, diziplinen, merkatuen eta kontzeptuen arteko lotura disruptiboak, berrikuntza apurtzaileak sortzeko.

Jardunaldian, gainera, 2020ko Zure ideiak balio du eta Ekintzaile Handia eta Ekin Araban sariak banatuko dira. Ekin Day jardunaldira doan joan daiteke baina aurrez izena eman behar da webgune honetan: www.alavaemprende.com

Ekin Breakfast-en ibilbidearekin jarraituz (sektore jakin baten inguruko ekintzailetza topaketak, urte osoan Araba Ekinean-en barruan egiten ari direnak), aurtengo programan hainbat hitzordu egingo dira, ardatz hartuta, besteak beste, ekintzailetza soziala. Ekin Breakfast bat egingo da martxoko lehen astean, eta beste batzuk ere egingo dira Arabako Errioxan eta Aiaraldean, Araban hain garrantzitsuak diren ardoaren eta industriaren sektoreetako ikuspegi disruptiboei buruz. Topaketa horiek guztiak doakoak dira, eta interesa dutenek webgunearen bidez eman dezakete izena.

Eskola Enpresen Azoka

Araba Ekinean-en 2020ko lehen jarduera asteazkenean izango da, urtarrilaren 29an, Eskola Enpresen Azoka tradizionala egingo baita Andra Maria Zuriaren plazan jarritako karpan. Ekimen hori 10:00etatik 13:00etara bitartean egingo da, eta helburu dauka LHko Arabako zenbait ikastetxetako ikasleek ikasturte honetan Ikasenpresa programaren barruan garatu dituzten enpresa proiektu berrien erakusleiho izatea. Berrogeita hamar bat proposamen aurkeztuko zaizkie bertaratutakoei beste horrenbeste standetan, non ikasleek beraiek saldu eta erakutsiko baitituzte beren produktu eta zerbitzuak.

Ikasenpresa programan, erdi mailako eta goi mailako lanbide heziketako ikasleek aukera dute enpresa bat sortzeko eta beren proiektuari buruzko prestakuntza jaso eta tutoretzak izateko. Horren helburua da enpresa ikasgeletara hurbiltzea eta parte hartzaileen ekintzaile gaitasunak sustatzea. Karpa zabalik egongo da nahi duten guztiek ekimen horien berri izan dezaten.

Arabako unibertsitate ikasleek ere parte hartuko dute Araba Ekinean-en edizio honetan, “Ekin Shoots” izeneko topaketen bidez. Topaketa horietan, ikasleek berek proposatutako erronken irtenbideak landuko dituzte, beren enpresak eta proiektuak sortu dituzten beste unibertsitate ikasle batzuen esperientzietan inspiratu ondoren.

Urte osoan aktibo dagoen plataforma digitala eta start up-entzako ekitaldia

Araba Ekinean-en antolatzaileak dira Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza —SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bitartez— eta Vital Fundazioa, eta sariketaren azken hiru urteetan alavaemprende.com webgunea bultzatu dute, urte osoan aktibo dagoen plataforma izan dadin, eta erreferentzia gune bihurtu da lurraldeko pertsona ekintzaile guztientzat. 2019ko zifrek hala dela erakusten dute; izan ere, webguneak 29.000 bisita baino gehiago izan ditu bere ataletako edozein kontsultatzeko, besteak beste, ekintzailetzarako laguntzen deialdiak, Araban ekiteko lekuak eta prestakuntza ekitaldiak eta ikastaroak. Hilero newsletter bat ere argitaratzen da, Arabako ekintzailetzari buruzko berri zehatzekin. Aurten, halaber, beste gune bat sartu nahi da, lurraldeko talentu ekintzailearen eskaintza kudeatzen laguntzeko.

Araba Ekinean-ek hiru profil ditu sare sozialetan, eta oso aktiboak dira: Facebook, Twitter eta Linkedin-en. Adibidez, ekimenak ia 2.000 jarraitzaile ditu Twitterren, eta 2019an ia 1.500 aipamen izan zituen. Facebooken ia 600 dira jarraitzaileak, eta iaz 3.000 elkarrekintza baino gehiago izan zituen. 2019. urtearen erdialdetik, Linkedin-en ere badu profila, eta 4.300 inpresio baino gehiago erregistratu ditu dagoeneko.

Azkenik, edizio honetan, bosgarren urtez jarraian, Europako Batzordearen eta Start Up Europe-ren Startup Europe Week #SEW20 izeneko ekimena egingo da, Araba Ekinean-ek antolatua, ekintzaileei beren negozio ideia bultzatu eta garatzen laguntzeko. Martxoaren 16an izango da, Europa Biltzar Jauregian, eta gai nagusia “Talent and innovation are everywhere” izango da. Doan izango da jardunaldira joatea, eta hizpide izango dira pertsona ekintzaileei laguntzeko tresnak eta start up-ak merkaturatzeko orduan talentuak duen garrantziaren inguruko esperientziak. Araba Ekinean-en webgunearen bidez eman daiteke izena.

2020-01-20T15:33:44+00:00 20 urtarrila 2020|

Cookie-ei buruzko informazioa

Informatzen dizugu webgune honek cookie propioak eta hirugarrengoenak erabiltzen dituela funtzionamendua ahalbidetzeko (adibidez, cookie-en erabileraren onarpena kudeatzea) eta web-trafikoa aztertzeko. Jarraian, baimendu nahi dituzun cookie-ak hautatu ahal izango dituzu. Webgune honetako cookie-ei buruzko informazio gehiago eskuratzeko sakatu hemen.

Cookie beharrezkoak

Cookie horiek ahalbidetzen dute webgunearen funtzionamendu egokia, beraz, horiek gabe webgunearen zenbait funtzionalitateri asko eragingo litzaieke. Cookie horiek ez dute baimenik behar, soilik informazioa, aurreko estekan ikus dezakezuna. Nabigatzailearen lehentasunen bitartez bakarrik desgaitu daitezke.

Cookie analitikoak

Google Analytics-en cookie-ak dira, aukera ematen dutenak webgunearen trafikoa aztertzeko, horien bidez lortutako emaitzen nahiz webgunetik nabigatzeko erabiltzaileen ohituren arabera, edukiak eta beren aurkezpena hobetze aldera.

ACEPTAR
Aviso de cookies