2018, Iraila 22

Lurraldeko industria digitalaren erreferentziazko atari bihurtzeko sortu da Araba 4.0 webgunea

Plataformak, besteak beste, ikastegien hezkuntza eskaintzari buruzko informazioa jasoko du, baita beste ekintza berritzaile eta aurreratu batzuk ere

www.Araba40.eus webgunea errealitatea da dagoeneko. Arabako Foru Aldundiak eta ARABA 4.0 lantaldeak (Agora parte-hartze eta gizarte berrikuntzako prozesutik sortua) gaur aurkeztu dute gure lurraldeko industria digitalaren erreferentziazko atari bihurtzeko asmoa duen plataforma.

Lantalde horretan enpresek, erakundeek eta ikastegiek hartzen dute parte, eta hilero biltzen da etorkizuneko ekimenetan lan egiteko. Haren lanaren ondorioz, joan den urteko irailean jendea oro har Industria 4.0ri buruz sentsibilizatzeko egin zen jardunaldi arrakastatsua bezalako ekintzak burutu dira, baita Arabako prestakuntza sistemak garatu dituen era askotako prestakuntza ekintzak ere. Hain zuzen ere, talde gogoetarako lantalde horretatik atera zen Arabako 4.0 industriari buruzko informazio guztia biltzen duen eta eragile desberdinak kontaktuan jartzen dituen atari bat edukitzeko beharra.

Webgune hau mundura irekitako atari bat da, 4.0 industriak gure lurraldean duen garrantzia agertzeko eta gizarteari helarazteko asmoa duena. Webgunean ondoko eduki hauek aurkitu ahal izango dira:

• Arabako 4.0 industriarekin loturiko enpresen, ekitaldien eta baliabideen inguruko berriak.
• Agenda, arloko ikastaroak, ekitaldiak, hitzaldiak eta azokak jasoko dituena.
• Laguntza eta baliabideak, ekonomikoak nahiz aholkularitzakoak edo beste era batzuetakoak, baita enpresen zerbitzurako informazio baliabideak ere.
• Prestakuntza, gai honi buruzko ikastaro, gradu, posgradu eta doktoregoekin.

Baina plataforma ez da hor gelditzen; badauka, baita ere, “4.0 hornitzaileen” katalogo bat, zeinak biltzen baititu 4.0 industriara eta industria enpresen eraldaketa digitalera bideratutako eta ondoko teknologietan oinarritutako teknologia zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituzten Arabako enpresen informazio eta kontaktu datuak: zibersegurtasun industriala, datuen analitika aurreratua (BigData), adimen artifiziala, industria sistemen automatizazio eta integrazioa, robotika, fabrikazio gehigarria, ikuspen artifiziala, errealitate birtuala edo areagotua eta goraka doazen beste teknologia batzuk.

Araba 4.0 bigarren jardunaldia

Baina, tresna horrez gainera, 4.0 taldeak jardunaldi bat antolatu du, batez ere Arabako ETEentzako, eta izenburu berezi hau eman dio: “Zure negozioaren jarraipena ingurune industrial berrian”. Bilgunea urriaren 26an izango da, Arabako teknologia parkean.

Arabako enpresen lehiakortasun handiko ingurune industrial berriaren esparruan, negozioaren jarraipenaren desafioa eta aukera agertzen dira. Testuinguru honetan, garrantzi handieneko helburuak dira eraldaketa digitala eta 4.0 industria osatzen duten kontzeptuen ezarketa. 4.0 industriaren eraldaketa honetan, oinarrizko alderdietako bat enpresen konexioa eta elkarreragintasuna da, eta horretarako giltzarri eta ezinbestekoa da haien zibersegurtasuna garatzea.

Jardunaldi horretan, zibersegurtasun kontzeptuak ezagutarazi eta aurkezten dira eta, gure lurralde historikoari dagokionez, trakzio enpresen esperientziak, Arabako teknologia eskaintzaren irtenbide eta zerbitzuak, eta zibersegurtasunaren garapenerako dauden azpiegiturak, Arabako enpresek aztertu, ezagutu eta erabili ahal izan ditzaten. Aldi berean, Arabako enpresa teknologikoen kasuak eta irtenbideak aurkezten dira, bertako enpresetan zibersegurtasuna eboluzionatu eta garatzeko hurbiltze moduan, Arabako industria ehunak eraldaketa digitalaren eta 4.0 industriaren helburuak erdiestearen testuinguruan.

PARTEKATU